
Irakurketa denbora: 2 minutu
VII. Lautan Hiru Antzerki Laburraren Jaialdia Bilbora itzuliko da lau estreinaldi eta guztira zortzi ikuskizun biltzen dituen programazioarekin. Jaialdiak Bilboko Udalaren babesa du eta, aurreko urteetan bezala, Euskaltzaindiak antolatu du egitaraua Tartean konpainia, BIRA Kulturgunea eta 7Katurekin batera.
Euskarazko antzerki laburra
Jaialdiak euskararen presentzia hiriko kultur bizitzan sustatu nahi du, dramaturgo berriei lanak erakusteko aukera emanez eta euskarazko antzerki ekoizpena indartuz. Aurten, aukeratutako leloa “Gazte gara gazte eta ez dugu (zuen) antzerkia maite” da, eta gazteek egiten duten antzerkian zentratzen du programazioa.
Aurtengo edizioak gazteek egiten duten antzerkia izango du ardatz, “Gazte gara gazte eta ez dugu (zuen) antzerkia maite” lelo zirikatzailea erabiliz
Antzezpenak sei kokalekutan izango dira: La Sinsorga, Kalderapeko (AEK), BIRA Kulturgunea, Café Bar Bilbao, 7Katu eta Euskaltzaindiaren egoitza. Edizio honetan lau estreinaldi programatu dira: XXII. Café Bar Bilbao-Tartean lehiaketan saritutako testuaren irakurketa dramatizatua, Gilkitxaro konpainiaren “Alferrak, tunanteak, maleanteak” lana, 7Katurekin elkarlanean sortutako “Errealitatearen harribitxiak” pieza, eta Lezoko II. Antzerki Gidoien Lehiaketako irabazlea den Jokin Oregik zuzendutako “Arima eta Bihotza”.
Emanaldietarako sarrerek lau euroko prezio bakarra izango dute eta lanak antzeztuko diren guneetan bertan erosi ahal izango dira, txarteldegiak funtzio bakoitza hasi baino ordu bat lehenago zabalduko direlarik
Lautan Hiru Jaialdiaren egitaraua
Otsailak 6
- 18:30 – Euskaltzaindia: “Odola” (Saioa Bañales – Aroa Blanco) – 15′
- 19:30 – La Sinsorga: “Gregoria” (Bea Egizabal) – 35′
Otsailak 13
- 19:00 – Café Bar Bilbao: “XXII. Café Bar Bilbao-Tartean Sariak” (irakurketa dramatizatua) – 25′
- 20:00 – BIRA: “Alferrak, tunanteak, maleanteak” (Ane Zabala, Galder Pérez eta Aitor García de Vicuña) – 30′
Otsailak 20
- 19:00 – 7Katu gaztetxea: “Errealitatearen harribitxiak” (Amets Larrea, Nerea Lizarralde, Josu Iriarte, Jare Torralba) – 30′
- 20:00 – BIRA: “Buruaz norbere egin” (Ruth Guimera – Leire Orbe) – 15′
Otsailak 27
- 19:00 – Kalderapeko: “Arima eta Bihotza” (Mikel Losada – Anje Oregi) – 15′
- 20:00 – 7Katu gaztetxea: “Heroiaren mina” (Gaizka Chamizo) – 15′
Jaialdiak Ikusleen Kluba ere izango du, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera antolatuta, aurkeztutako lanei buruzko hausnarketa eta analisi gunea sortzeko helburuarekin.