Martxan da Nafarroako Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua

Gazteriaren Erakunde arteko Kontseiluaren eginkizunen artean daude arlo horretako politikak garatzeko lan-ildoak proposatzea

 Irakurketa denbora: 2 minutu

Nafarroako Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua pasa den urtarrilaren 29an bildu zen lehen aldiz, gazteentzako politiken garapenean kontsulta, aholkularitza eta parte-hartze lanak hasiz. Bere sorrera 2011ko Gazteriaren Foru Legean aurreikusita zegoen, baina legealdi honetan izan da Nafarroako Gazteriaren Institutuak martxan jartzea sustatu duenean.

Lehenengo bilera

Bileran parte hartu dute hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfarok, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Txema Burgaletak, eta Nafarroako gazteriaren arlo ezberdinetako ordezkariek.

Bertan, Alfaro kontseilariak adierazi duenez “ezinbestekoa da sektore honetan zuzenean eragiten duten administrazio eta erakundeen ekintzak ezagutu eta ebaluatzea” eta arreta berezia jarri dio etxebizitza arrazoizko prezioetan eskuratzearen arazoari.

Burgaletak, berriz, Institutuak lehentasunezkotzat jotzen dituen beste erronka batzuk aipatu ditu, hala nola:

  • sare sozialetako gorroto-diskurtsoen eta desinformazioaren aurkako borroka
  • ongizate emozionala
  • hezkuntza afektibo-sexuala
  • adimen artifizialak gazteengan duen eragina
Eginkizunak

Gazteriaren Erakunde arteko Kontseiluaren eginkizunen artean daude arlo honetako politiken garapenerako lan-ildoak proposatzea, gazteriari eragiten dioten administrazio eta erakundeen jarduketak ezagutu eta ebaluatzea, eta Gazteriaren Foru Estrategiaren eta Nafarroako Gobernuak sustatutako jarduketa-planen jarraipena egitea.

Bere lehen topaketan, Kontseiluak Nafarroako 2025-2028 Gazteria Estrategiaren definiziorako burutzen ari den parte-hartze prozesuaren emaitzak aztertu ditu. Orain arte, 300 pertsona inguruk parte hartu dute kontsulta honetan, gazteak, teknikariak eta udal ordezkariak barne. Saioan zehar, Kontseiluko kideek Estrategiarako beren lehentasunak azaldu dituzte. Horien artean, bereziki, etxebizitzaren arazoa, ongizate emozionala, enplegua, aisialdi osasungarria eta ekintzailetza-aukerak aipatu dira.



Estrategiaren behin betiko idazketarako, adituen panel bat eratzea aurreikusten da. Talde horretan parte hartuko lukete eremu akademiko, instituzional eta sozialean esperientzia duten profesionalek.

Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua gazte elkarteen, Nafarroako unibertsitateen, sindikatuen, enpresa-taldeen eta alderdi politikoen ordezkariek osatzen dute, baita feminismoarekin, desgaitasunarekin, aniztasun etnikoarekin eta LGTBI+ eskubideekin lotutako erakundeek ere. Era berean, parte dira Gazte Informazioaren Korrespontsal programako gazteak, aisialdiko hezkuntza eskoletako ordezkariak eta Gazte Informazioaren Zerbitzuen Sareko kideak, bai eta banaka parte hartu nahi duten gazteak ere.

Advertisements