‘Kirol hitzorduak’ osasuna hobetzeko

Gasteizko Udalak hainbat kirol ezagutzeko eta praktikatzeko egitasmoa jarri du abian eta, bide batez, herritarren osasuna eta harreman sozialak ere hobetu nahi dira

‘Running’-a izango da Gasteizko Udalak antolatu dituen lehen ‘kirol hitzorduen’ protagonista. Guztira hiru hitzordu izango dira (azaroaren 26an eta abenduaren 3an eta 17an) Prado parkean goizeko 10etan. Bertaratzen direnek behar bezala korrika egiteko oinarrizko ideiak eskuratu eta, nahi izanez gero, 2023ko San Silvestre lasterketaren hurrengo ediziorako prestatzeko eta korrika egiteko aukera izango dute, ikasitako hori aplikatuz eta erakutsiz.

‘Kirol hitzorduak’ Gasteizko Udal Kirol Zerbitzuak antolatzen ditu eta, running-aren kasuan, Arabako Atletismo Federazioaren laguntza ere izan du. Hitzordu hauetan aurretik ‘running’ egin ez duten edo jarduera horretan esperientzia oso txikia duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute. Hitzordu edo topaketa bakoitzak bi ordu inguruko iraupena izango du.

Kirol hitzorduak

Kirol hitzorduen xede nagusia da “pertsona guztiek, haien sasoia edozein izanda ere, kirol-modalitate ugariak ezagutzea eta praktikan jartzea eta, aldi berean, hiriko hainbat tokitan aire zabalean kirola egiten duten bitartean, haien harreman sozialak zabaltzen joatea”. Lehenengo saioak running-aren ingurukoak izango dira, baina ondoren beste kirol batzuk ere jorratuko dira.

Jarduera guztiak une oro egongo dira gainbegiratuta eta euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira. Ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea, baina 16 urte beteta izan beharko dira parte hartzeko.