FotoArte argazki-lehiaketa Gasteizera itzuli da pandemiaren ondorioz urtebeteko etena egin ostean. Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak antolatzen duen ekimenaren xedea da hiritarrak argazkilaritzara gerturatzea eta, aldi berean, beren sormena sustatzea.
Aurtengoa lehiaketaren 17. edizioa da eta, aurreko edizioetan bezala, bi fase izango dira. Lehenengo fasea lehiaketaren fasea da eta otsailaren 17tik martxoaren 20ra bitartean luzatuko da. Fase horretan, eta udalaren web gunearen bidez, parte-hartzaileek ‘literatura’ ardatz duten argazkiak aurkeztu ahal izango dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bi argazki aurkeztu ahal izango ditu.
Lehiaketak hiru sari izango ditu. Lehenengo sariaren irabazleak 1000 euro eskuratuko ditu eta, bigarrenak, berriz, 700 euro. Bertako artistaren saria irabazten duenak 400 euro eskuratuko ditu. Gainera 150 euroko bi accesit ere izango dira. Bertako artistaren atalean Gasteizen bizi, lan edo ikasten diren horiek parte hartu ahal izango dute.
Erakusketa ibiltaria
Bigarren fasean erakusketa ibiltari bat izango da epaimahaiak aukeratuko dituen 32 argazkirekin. Erakusketa El Pilar Gizarte Etxean hasiko da maiatzaren 31n bertan izango den aurkezpen ekitaldiarekin. Erakusketa hiriko beste hainbat Gizarte Etxeetan izango da ikusgai urtean zehar eta baita udalaren web gunean ere.
Era berean, zenbait jarduera osagarri ere antolatuko dira: hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak, erakusketak…