Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Koop. Elkartea eta UPV/EHUrekin lankidetzan, Gipuzkoako nerabe eta gazteek maitasunari buruz dituzten ideiak aztertu dituzte. Emaitzak, ‘Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna? Amodioa, sexua eta osasuna’ izenburua duen txosten batean bildu dituzte.

Nola bizi dute nerabeek eta gazteek amodioa eta sexua? Nola eraikitzen dituzte bere harreman sexual eta afektiboak? Horrelako galderak erantzun nahian, Medicus Mundi Gipuzkoa erakundeak, Farapi Koop. elkartearekin eta UPV/EHUrekin lankidetzan, Gipuzkoako 13 eta 18 urte bitarteko nerabe eta gazteek maitasunari buruz dituzten ideiak aztertzen dituen ikerketa burutu dute. Maitasun erromantikoaren inguruan nerabeek dituzten ideiak ez ezik, aipatu ikerketaren xedea, halaber, gazteen sexu-osasunerako eta ugalketarako kaltegarriak izan daitezkeen eta indarkerian amai daitezkeen jarrerak antzematea ere izan da.

Oro har, azterlanak agerian utzi du maitasunaren ideia tradizionalen gainean zalantza gehiago dagoela dagoeneko harremanak izan dituzten 16 eta 18 urte bitarteko gazteen artean, eta neurri handiagoan nesken artean mutilen artean baino. Gainera, ikerketak azaltzen duenez, bere maitasun idearioa eratzeko orduan nerabeek hezkuntzan eta kontzientziazioan egin duten ibilbideak garrantzi handia du eta, aldi berean, errealitatea, gizartea eta horren arauak egituratzeko hezkuntza alorrean giltzarri izan diren ekintza edo irudiek ere garrantzi handia izango lukete, horiek bere gain hartu ez dituztelako eta aldaketa-aukerak zeudelako.

Ondorioetan nabarmentzen denez, gaur egun ere, gazteek bikotea ezartzen dute bizitzeko egoera ideal moduan. Ildo horretan, laranja erdiaren mitoak bizirik jarraituko luke gazteen artean, hots, osotasuna lortzeko beste pertsona bat behar dugunaren mitoa, hain zuzen ere. Gainera, bikotekiderik ez izatea porrotarekin lotzen ohi dute gazteek, bereziki, neskek.
Maitasun harremanetan gatazka naturaltzat jotzen dute nerabeek eta zenbait kasutan, baita indarkeria ere. Hainbat gazteren ustetan, ‘liskarrik gabe ez dago maitasunik’. Jeloskortasuna ere berezkotzat jotzen da eta nerabeen harremanetan sarritan azaltzen den fenomenoa litzateke. Zentzu horretan, bikotekidea jeloskorra izatea harremanaren onerako izan daitekeela ulertzen dute gazte askok. Indarkeriaren gaineko kontzientziazioa handiagoa bada ere, gazteek ez dute bere bizipenetatik gertu dagoen zerbait denik uste. Ikertzaileek azpimarratu dutenez, azken urte hauetan generoaren inguruan egin diren kontzientziazio eta sentsibilizazio ekintzei esker positiboak izan diren nolabaiteko aldaketei buruzko diskurtso eztabaidagarriak, planteamenduak eta esperientziak topatu dituzte.

IKTen erabilerak gazteek harremanetan jartzeko duten modua guztiz baldintzatzen du eta, amodio-harremanetan ere gauza bera jazotzen da. Sare sozial (Facebook) edo berehalako mezularitza zerbitzuak (WhatsApp) direla eta, gazteek ez dute bikotekidearekin inolako loturarik gabeko gunerik edo unerik eta, ondorioz, bikotekidearentzat beti prest egon behar izatearen beharra azaltzen da, bereziki, eta berriz ere, nesken artean. Honen ildora, neskek bere bikotekidearekin dituzten elkarrizketei lehentasuna emateko joera handiago azaltzen dute beste pertsona batzuekin dituztenen aurrean.

Ikerketan parte hartu duten nerabe eta gazte gehienek heterosexualitatea ez den bestelako sexu-joerak gaitzetsi egiten dituzte. Jarrera hori nabariagoa da gaztetxoenen artean. Homosexualitatearen kasuan (batez ere emakumeetan) moda bat ere badela esan izan da, edo baita nortasun eza ere, bisexualitatearen kasuan. Homosexualitate egoera bat planteatu zaienean, gazte askok deserosotasun maila bat onartu ere izan dute.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko funtsezko balioak nahiko onartuta dauden arren, eta maitasun-ereduak eta funtzionatzeko behar dituzten egiturak teorikoki zalantzan jartzen badira ere, nerabe zein gazteek “izan beharko lukeenaren” eta “benetan gertatzen denaren” arteko bereizketa egiten dute. Horren atzean, oraindik ere zenbait desberdintasunen legitimazioa aurkituko litzateke.

Azterlanak agerian utzi duen beste puntu garrantzitsu bat emakumeen gorputzen objektualizazioa izan da. Teorian pertsona bakoitzaren ezaugarri fisikoak onartzen badira ere, praktikan (hemen ere IKTek eragin handia dute) ezarrita den gorputz arautik kanpo ateratzen dena ‘zigortu’ egiten da. Beste behin, neskak dira arazo hau gehien pairatzen dituztenak.
Harreman sexualei dagokionez, horiek bere osasunean eta ugalketan izan dezaketen ondorioen inguruan galdetzean, gazteek ezagupen handia erakusten dute teoria mailan baina, praktikan, ez dute nahikoa estrategia bere irizpideak defendatu ahal izateko. Kasu honetan ere, kaltetuenak neskak izaten dira eta, sarritan, beraien plazera gizonezkoen mende jartzen dute.
Ondorio gisa, azterketa burutu duten kideek zenbait premia azpimarratu nahi izan dituzte. Lehenik eta behin, maitasunaren idearioaren gainean ezagutza handiagoa izateko lanean jarraitu behar da. Landu beharreko esparruak, besteak beste, honakoak izango lirateke: bikotearen eta harremanen ikusmoldea; sexu-osasuna eta ugalketa; gorputza nerabezaroan eta gaztaroan; eta online eta offline bidez egin dituzten adierazpenak.

Bestalde, guztionak diren balore eta helburuetatik abiatuta, nerabe eta gazteentzako sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak planteatu beharko lirateke errealitate desberdinak jaso ahal izateko, errealitate horietara egokitzeko eta abiapuntu horietatik ibilbide bat ezartzeko berdintasunerantz eta edozein maitasun motari atxikitako genero-indarkeriaren problematikarantz, eta gainera, kontzeptu eta trebetasun berriak sortuz, eta baita arau berriak ere, errespetua, autonomia eta berdintasuna ardatz izateko.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.