Idatzi eta idatzi nabil bazter honetan sexuaz eta desiraz eta sexualitateaz eta, eta, eta… Baina zertaz ari ote gara? Behin eta berriro dugu hizpide ideia horiek zer ez diren edo zer beharko ez luketen izan. Baina zer esan nahi dugu erotika aipatzen dugunean, adibidez?
Bi mitorekin amaitzea du oraingo idatzi honek helburu umil eta handinahikoa. Bi mito kontrajarri eta, aldi berean, elkarbizitza zintzoan dauzkagunak gurean. Eta biei ala biei kontra egiteko erantzuna dugu, hain justu, eros.

Lehenengo mitoa: laranja erdia. “Zu gabe, ez naiz ezer”, Mikel Markez-ek xuxurlatzen zigunez.

Bigarren mitoa: otso bakartia. ‘Nik ez dut inor behar, bakar-bakarrik egin dezaket dena, buruaskia naiz’.

Erantzuna? Erotika; eros-i dagokiona, hain juxtu. Eta zer da eros? Niretzat (ez niretzat bakarrik noski, ez naiz eta ideia honen jabe edo sortzaile, hori doala aurretik! Baina nik sinatzen dudan heinean, ondo zein gaizki esanak nire gain hartu behar, dela ideia on bat gaizki garatu dudalako, ala ideia txar bat proposatzen dudalako); niretzat, nioen, eros bilaketa da, etengabeko bilaketa. Elkar nola bilatzen dugun kontatzen duen istorioa, gorputz garen heinean. Erantzuna, beraz, galdera bat da, mugimendua, elkarrizketa.

Sozializatzeko bi eredu zurrun, kontrajarri eta itxietan hazi gaituzten heinean, aipatu ditugun bi mitoak aldi berean daude bizirik, lehena emakume sozializaturikoengan inposatuago; bigarrena, gizon bezala gizarteraturikoengan bortxatuago, eta bi-biak erlazionatzeko arau. Laranja erdiaren mitoak ez garela osoak diosku, osotu egingo gaituen haren horren bila eman behar dugula bizitza; eta egon badagoela gainera gure beste erdi hori, aurki genezakeela, eta aurkitzerakoan sendatu ala sendotu egingo gaituela. Hari esker izango garela gu, izango naizela ni, inor, norbait.

Bigarren mitoak bakardadearen mistifikazioa dakar; beste inor behar izatea ahuldadea dela, norbera bere kabuz balia daitekeela bizitzeko besteren laguntzarik gabe, eta are laguntza (gogoratu lagun erroa duela) eskatu ala onartzea porrota aitortzea dela. Ni neu naizela eta ez beste ezer, eta niretasun hori galtzekotan dena galduko nukeela.

Erotika, aldiz, bakoitzaren osotasuna eta gabezia-eza onartzetik abiatzen den bilaketa da; ez nabil errenka, norbait banaiz, baina besteak ere nahi eta behar ditut. Nire inguruan gorputzak desiratu eta aurkitzen ditut, plazera, babesa, maitasuna, adiskidetasuna, beroa, jolasa, emango didaten gorputzak. Zaurgarri naizela onartzen dut, soziala naizela. Eta bilaketak ez nauela gutxiago egiten. Alderantziz, bilaketan nagoelako naizela. Bilaketan naizela. Erotikan.

[Peio Saez de Lafuente ]

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.