Elkarbizitzarako zubiak eraikitzen Hego Euskal Herrian

Eusko Ikaskuntzaren egitasmo berri batek inklusio soziolinguistikoa eta kulturarteko bizikidetza sustatzea du helburu

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: Jorge Muñoz
  Hitz kopurua: 235
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Berriki ezagutzera eman den “Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa” ikerlanaren arabera, epe ertainera, euskararen ezagutza maila apalagoa izango da eta euskaldun gehienak ingurune erdaldunagoetan biziko dira. Joera demografikoek eta azken urteetan bizi izan dugun migrazio-prozesuek zuzeneko eragina dute euskarak izan dezakeen bilakaeran, bereziki gurera etortzen diren askok jada gaztelania dutelako lehen hizkuntza.

Eusko Ikaskuntzak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, garatu duen ‘Elkarbizitzarako Zubiak Eraikitzen’ egitasmoak fenomeno horri erantzun bat ematea du helburu. Izan ere, etorkinen inklusio soziokulturala helburu duen programa honen ardatzean dago euskal gizartearen, kulturaren eta hizkuntzaren etorkizuna; globalizazioaren eta giza mugikortasun gero eta handiagoaren esparruan, bere erronka eta aukerekin.



Egitasmoaren barruan bi lan-programa jarri dira martxan gure artean diren atzerritar jatorriko herritarren inklusio soziokulturala laguntzeko. Egitasmoa bere lehen fasean da Nafarroan eta Euskadin

Lehen fasea

Lehen fase horretan, bi metodologia osagarri erabiltzen ari dira profil sozioekonomiko, adin eta hezkuntza maila desberdineko etorkinekin: focus group-ak eta tailer interaktiboak. Horien bidez, informazio kualitatibo zein kuantitatibo baliotsua lortu nahi da immigrazioak euskararekiko eta euskal kulturarekiko dituen jarrerei eta itxaropenei buruz. Programaren baitan aldez aurretik hautatutako zenbait udalerritan lan egiten ari da eta horietan bi tailer egingo dira: bata euskararen ezagutzan eta erabileran oinarritua, eta bestea euskal kulturari eskainia, inklusio sakonagoa eta esanguratsuagoa sustatzeko. Nafarroan jada lan hori egina dago eta Euskadin hil honen amaieran amaituko da.