Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: navarra.es
Hitz kopurua: 197
Irakurketa denbora: Minutu 1
‘Pribait’ eta ‘Diabyuda’ negozio zientifiko-teknologikoko ideiak izan dira Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, CEIN sozietate publikoaren bidez, antolatzen dituen ‘Iníciate’ sarien aurtengo edizioaren irabazleak.
Xabier Hernándezek , Iñigo Alkortak eta Eduardo Magañak aurkeztu duten ‘Pribait’ egitasmoak ‘Unibertsitateko negozio zientifiko-teknologikoko ideia onenaren’ saria irabazi du. Phishing-a eta ETEetako datu-exfiltrazioa saihesteko erabiltzailearen gailuetan erabil daitekeen softwarea da, giza errorea arintzeko ikuspegi argiarekin, hori baita eraso zibernetikoen arrazoi nagusia.
‘Negozio zientifiko-teknologikoko ideia onenaren’ kategoriako lehen saria, berriz, Joaquín de Carlos Artajoren eta Francisco Javier Escaladaren ‘Diabyuda’ egitasmoarentzat izan da. Diabetesa eta horri lotutako gaixotasunak modu pertsonalizatuan tratatzeko erabaki klinikoari laguntzeko sistema bat garatzean datza negozio-ideia irabazlea.
Sariak
Negozio-ideiaren garapenarekin eta merkaturatzearekin lotutako helburuetarako sari ekonomikoaz gain, irabazleek plaza erreserba bat lortu dute CEINek kudeatzen duen azelerazio-programetako batean parte hartzeko, proiektuaren sektorearen arabera: osasuna (HEALTH), digitala (DIGITECH), nekazaritzako elikadura (AGROFOOD) eta zibersegurtasuna (CEIN Cybersecurity Lab).
61 ekintzailek aurkeztutako 43 egitasmok parte hartu dute ‘Iníciate’ sarien aurtengo edizioan. Horietatik 11 finalera pasatu dira eta horien artean aukeratu dira irabazleak. Parte-hartzaileen % 80 gizonezkoak izan dira, % 82k unibertsitate-ikasketak, masterra edo doktoretza du eta % 59 lanean ari da.








