Hirugarren urtez jarraian Nafarroan hasi da ‘Ruta al exilio’ ibilbidea

16 eta 17 urte bitarteko 40 gaztek osatutako taldea zazpi egunez izan da Nafarroan zehar errepublikar erbestealdiaren memoriarekin harremana duten gune nagusiak bisitatzen

  Egilea: Jose Poza
  Argazkia: navarra.es
  Hitz kopurua: 329
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Ruta al exilio eta Be Wild Be Proud erakundeek, Nafarroako Memoriaren Institutuarekin eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren finantzaketarekin, antolatzen duten ‘Ruta al Exilio’ egitasmoaren V. edizioa Nafarroan hasi da. 16 eta 17 urte bitarteko 40 gaztek errepublikar erbestealdiaren memoriarekin harremana duten gune nagusiak lotzen dituen ibilbidea osatuko dute uztailean zehar. Ibilbidea Nafarroan hasi eta astebete emango du bertan, Foru Erkidegoan diren hainbat gune esanguratsu bisitatuz. Ondoren, Frantziako hegoaldeko zenbait gune eta Kataluniako Alt Empordà eskualdea ere bisitatuko dituzte.

Zazpi egun Nafarroan

Nafarroan gazteek bisitatu duten lehen gunea Sartaguda izan da. Bertan, eta ‘Pueblo de las Viudas’ elkartearen eskutik, Memoriaren Parkea ezagutzeko aukera izan dute. Ondoren, Iruñera joan dira 1936 eta 1945 artean hirian izan ziren atxiloketa-zentro ezberdinak ezagutzera. Adibidez, San Cristobal gotorlekua bisitatzeko aukera izan dute non, besteak beste, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Olloren bisita izan duten.



Nafarroan barrena egingo duten ibilbidearen barruan, gazteek Gazteluko Legarrea leizea ere bisitatuko dute, Juana Josefa eta bere familiaren hilketa gogoratzeko.

Taldeak Etxalar-Lizuniagako kontrabandoaren ibilbidea gauez egiteko aukera ere izango du. Ibilbide hori Frantziarako erbesteratze-bide izan zen hainbat errepublikarrentzat. Beran memoriaren beste gune esanguratsu bat ezagutu dute: Argaitz harrobia. Bertan, nagusiki Gipuzkoatik ekarritako 130 atxilotu inguru erail zituzten. Eta egun berean Lesaka inguruan diren frankismo garaiko zenbait bunker bisitatzeko aukera izan dute.

Ibilbideak jarraipena izango du Sorogain-Lastur eta Urepel artean den GR225 bidean, ‘Askatasunaren botilak’ izeneko ibilbidean, alegia.

Espedizioak Nafarroa iparraldetik utzi eta Frantzian sartu da Pirinioetatik Gurs herrira iristeko. Bertan, 1939-45 artean 500 nafar inguru hartu zituen kontzentrazio-esparrua ezagutzeko aukera izan dute Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkartearen eskutik.

Ruta al Exilio egitasmoa

Egitasmo honek historia beste modu batean ikasteko aukera eman nahi die gazteei: ikasi gertaerak izan ziren lekutik. Aurtengo edizioa ‘Una tierra por cantar’ lelopean garatu da. Jarduera honen helburua da parte hartzen duten gazteei oraintsuko historia hurbiltzea, garrantzi berezia duten tokietatik ibiliz, prestakuntza-jarduerekin eta jarduera soziokulturalekin batera. Gainera, egitasmoak bat egiten du Nafarroako ‘Memoria duten eskolak’ programarekin.