Emakumeek ohitura jasangarriagoak dituzte

EAEko emakumeek mugikortasun eta elikadura eredu iraunkorragoak jarraitzen dituzte eta bizimodu iraunkorrekiko ardura eta konpromiso handiagoa dute, baina energia-pobrezia gehiago pairatzen dute.

EAEko emakumeek mugikortasun eta elikadura eredu iraunkorragoak jarraitzen dituzte. Beren ibilbideak laburragoak dira eta oinez edo garraio publikoan egin ohi dituzte, neurri handiagoan ibilgailu pribatua nahiago duten gizonek ez bezala. Gainera, emakume gehienek landare-jatorriko elikagaietan oinarritzen dute beren dieta, animalia-jatorriko elikagaietan baino. Mugikortasun eta kontsumo iraunkorragoko jarraibide horiek emakumeek etxeko zainketen eta lanen inguruan betetzen duten rolaren ondorio izan litezke.

Hauek dira Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako sozietate publikoak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin batera, argitaratu berri duen “Klima-aldaketa Euskadin generoaren ikuspegitik” txostenak utzi dituen ondorio nagusietako batzuk. Genero-ikuspegitik abiatuta, txostenak klima-ekintzaren kausak, ondorioak, lidergoa eta parte-hartzea aztertzen ditu.

Txostena Euskadin klima-aldaketa eta generoa uztartzen dituen lehena da. Bertan azaltzen denez, emakumeak ere dira, nagusiki, energia-pobrezia pairatzen dutenak. Ondorioz, klima-aldaketaren eta horrek eragiten dituen zuzeneko ondorioen aurrean egoera zaurgarriago batean daude. Horretarako arrazoi nagusia, ikerketaren arabera, errentaren banaketan den egiturazko desparekotasuna da. Azterlanak jasotzen duenez, emakumeek energia berriztagarrietan edo energia-eranginkortasunean inbertitzeko aukera gutxiago dituzte.

Funtsean, azterlanak frogatzen du emakumeen eta gizonen ekarpena ez dela berdina klima-aldaketan, gizarte-arauen eta genero-rolen ondorioz. Desberdintasun horiek islatzen dira batzuek eta besteek beren bizitza- eta kontsumo-ohituretan eta planetarekin eta haren baliabideekin ikusteko eta erlazionatzeko moduan erreplikatzen dituzten ereduetan.

Hala, maskulinitateari lotutako jokabide batzuk edo rol maskulinotik eratorritako beharrak eta jarrerak kaltegarriagoak dira klimarentzat, eta, beraz, eragin handiagoa dute aztarna klimatikoan. Ikerlanaren arabera jokabide horiek, adibidez, honako hauek izango lirateke: ibilgailu propioaren erabilera, haragiaren kontsumoa, hondakinak sortzea edo, irtenbide sozialen kaltetan soluzio teknologikoak bilatzea.

Oinez edo garraio publikoan

Euskadin, garraioa da, industriarekin batera, berotegi-efektua eragiten duten gas gehien isurtzen dituen sektoreetako bat. Zehazki, garraioaren sektoreak emisio guztien % 36 eragiten du, eta horietatik % 60 inguru bidaiarien garraioari dagozkio. Hala, txostenaren arabera, gaur egun, emakumeek emisioak murrizten laguntzen dute, mugikortasun-eredu iraunkorragoak dituztelako eta joan-etorri gehienaz oinez edo garraio publikoan egiten dituztelako.

Ibilgailu pribatuaren erabilera, berriz, tradizionalki gizonekin lotu izan da. Gaur egun, handiagoa da gida-baimena eta ibilgailu propioa duten gizonen proportzioa emakumeen proportzioa baino. Familietan ere gizona izaten da, kasu gehienetan, autoa erabiltzen duena. 

Gizonek gehiago erabiltzen dute ibilgailu pribatua, gehienetan autoa. Aldeak nabarmenak dira: gizonen % 48,5ek garraio pribatua erabiltzen du, eta emakumeen % 31k.

Eustatek lantzen duen ‘Familiak eta Ingurumena’ inkestak 2021. urtean azaltzen zuenez, emakumeek, gizonek baino proportzio handiagoan, joan-etorriak oinez, bizikletaz edo garraio publikoan egiteko joera dute. Adibidez, emakumeen % 41,7k oinez edo bizikletaz egiten ditu bere joan-etorriak. Gizonen kasuan, kopuru hori % 33,3raino jaisten da. Garraiobide publikoen erabileran ere emakumeak dira nagusi; % 27,3 eta % 18,2 hurrenez hurren.

Esan bezala, gizonek ibilgailu pribatua erabiltzeko joera handiagoa dute. Aipatu inkestaren arabera, aldeak nabariak dira: gizonen % 48,5ek erabiltzen du garraio pribatua eta emakumeen kasuan % 31k baino ez.

Erabilera pertsonalerako ibilgailuren bat izatea nabarmen handiagoa da gizonen artean (% 82,1) emakumeen artean baino (% 55,5); alde hori, gainera, gero eta handiagoa da Eustatek 2008an eta 2015ean egindako aurreko inkestetako datuekin alderatuta.

Etxeko lanekin eta zaintzarekin lotutako joan-etorriei dagokienez, emakumeak batez ere oinez joaten dira (% 72), eta gizonak, berriz, ibilgailu pribatuan (% 56). Garraio publikoa oso gutxitan erabiltzen da horrelako kasuetan eta emakumeek bakarrik erabiltzen dute (% 7). 

Hiri-, landa- edo industria-ingurunean bizitzeak, adibidez, nabarmen eragiten du mugikortasun-ereduetan. Landa-ingurunean, adibidez, ibilgailu pribatuaren erabilera hiri-ingurunean baino handiagoa da. Landa-ingurunean adibidez, familia bakoitzak, batez beste, ibilgailu bat du pertsona heldu bakoitzeko. Kasu horretan, garraio publikoaren eskaintza urriagoa da eta, ondorioz, ibilgailu pribatuaren erabilera orokortuagoa dago. Horregatik, eta horren inguruko datu zehatzak ez dauden arren, ikerketaren ustez landa-ingurunean gizon eta emakumeen mugikortasun ohituretan ez da alde handirik ematen, ez behintzat, hiri-ingurunean bezala.

Kontsumo-ohiturak 

Kontsumo-ohiturei eta hondakinen kudeaketari dagokionez, oro har, antzeko joerak ikus daitezke gizonen zein emakumeen artean.

Kontsumo-ohitura arduratsuak hartzeak norberaren karbono-aztarna murrizten laguntzen du, eta, horrekin batera, ekoizpenari, garraioari eta, kasuaren arabera, balio-bizitzaren amaieran kontsumitutako produktuen bilketari lotutako isuriak murrizten.

Energia-kontsumoari dagokionez, etxetresna elektriko baten energia-sailkapenari edo etxebizitza erostean energia-kalifikazioari garrantzi handia edo nahikoa ematen dioten pertsonen kopurua nahiko altua da,  % 87-88 inguru gizon zein emakumeen kasuan. 

Emakumeek gehiago jaten dituzte fruta, barazkiak eta arraina egunero edo astean 3 aldiz baino gehiagotan; gizonek, berriz, haragi eta hesteki gehiago jaten dute.

Antzeko zerbait gertatzen da produktuek berrerabiltzeko eta/edo birziklatzeko eskaintzen dituzten aukeren araberako eskuratzearekin. Kasu honetan, produktu birziklatuak edo birziklagarriak kontsumitzeko joera duten gizonen proportzioa handiagoa da; esaterako, paper birziklatua (+% 2,5) edo itzultzeko ontziak (+% 3,3). Halaber, erabili eta botatzeko produktuak maiz kontsumitzen dituzten emakumeen proportzioa handiagoa da (+% 4,2).

Emakumeek eta gizonek ia garrantzi bera ematen diote hurbileko produktuak erosteari. Etiketa ekologikoa duten produktuei dagokienez, mota horretako produktuak erostearen garrantzia adierazten duten gizonen proportzioa handiagoa da (+% 3,7).

Emakumeen eta gizonen elikagaien kontsumo-ereduetan aldeak nabariagoak dira. Emakumeek gehiago jaten dituzte fruta, barazkiak eta arraina egunero edo astean 3 aldiz baino gehiagotan; gizonek, berriz, haragi eta hesteki gehiago jateko joera dute. Haragi-kontsumo handiena, bi kasuetan, 45-64 urteko adin-tartean ematen da eta, batez ere, goi-mailako ikasketak dituzten horien artean.

Haragiaren kontsumoak, barazkien kontsumoarekin alderatuta, adibidez, berotegi efektuko gas gehiago isurtzen ditu eta, beraz, klima-aldaketaren ikuspegitik onuragarria litzateke dietan haragikiak gutxitzea.

Horrela, fruta eta barazkien kontsumo handiagoan oinarritzen diren emakumeen elikadura-ereduak jasangarriagoak dira. Ikerketaren arabera, elikadura eredu horiek, beste behin, genero rol eta aginduen arabera baldintzatuta daude: emakumeen estetika zaintza, maskulinitatea kontsumo handi eta proteikoei lotuta egotea indar lanak egiteko, emakume eta gizonen erosketa ereduak, emakumeak ingurumenarekiko kontzientziatuagoak egotea eta abar. 

Muturreko fenomeno klimatikoak eta osasuna

Klima-aldaketaren efektuak saihetsezinak dira. Nazioarteko protokoloetan proposatutako berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko helburuak lortuko balira ere, efektuak hor izango lirateke.

Euskadiren kasuan, klima-aldaketaren ondorioz, mende honen amaierarako batez besteko tenperatura 1,5 ºC eta 5 ºC artean igoko dela aurreikusten da. Gainera, tenperatura altuko egun eta gauak ugariagoak izango dira eta bero-boladen iraupena gero eta luzeagoa izango da. Halaber, prezipitazio gutxiago ere espero dira, baina horiek bortitzagoak izango dira. Lehorte luzeak izatea ere aurreikusten da.

Tenperaturen eta prezipitazioen aldaketak dagoeneko nabaritzen ari dira. Horiek, besteak beste, pertsonen osasunean, eta biodibertsitatearen galeran eragiten dute. Gainera, uholdeak gero eta ohikoagoak dira eta laboreen zikloetan ere aldaketak eragiten hasi dira. 

Efektu horiek guztiek zuzeneko inpaktua dute pertsonengan eta giza-talde ezberdinengan. Txostenak zehazten duenez, “desberdintasun estrukturalek eragina dute emakumeen zaurgarritasunean, bai  eta bazterketa handiagoko bizi-baldintzei aurre egiten dieten eta baliabide berak ez dituzten beste kolektibo batzuen zaurgarritasunean ere”.

Pobreziak, adibidez, inpaktu handiagoa du emakumeen artean, baliabide ekonomiko gutxiago eta prekaritate handiagoa dutelako. Ondorioz, aldaketetara egokitzeko aukerak urriagoak izango dira, besteak beste, ingurumen-aldaketen (uholdeak, esaterako) eragin handiagoa izan dezaketen etxebizitzetan bizi direlako, edo gizonek baino hein handiago batean, energia-pobreziako egoerei aurre egin beharko dietelako. 

Muturreko fenomeno klimatikoek kalte handiagoa sortu ohi dituzte emakumeen artean gizonen artean baino. Gainera, horrelako hondamendien ostean zaintza lanak, normalean, emakumeek bete behar izaten dituzte. 


Genero-ikuspegia energia-trantsizioko politiketan

IHOBEren txostenak genero-dimentsioaren zeharkakotasuna energia-trantsizioko eta klima-aldaketako politiketan eraginkortasunez txertatzeko abiapuntua izatea du helburu.

Txostenak lau erronka nagusi aurkezten ditu, hogei bat ekintzatan banatzen direnak. Horiekin, genero-ikuspegia ziurtatu nahi da klima-jardueran eta energia-trantsizioan.

Erronkak

Lehenengo erronkak genero ikuspegia eta ikuspegi ekofeminista klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren hausnarketa eta kudeaketa espazioetan sartzearen beharrari erantzuten dio.

Bigarren erronkak gizarte eta ekonomia eredu jasangarriagoen alde egitearen beharrari erantzuten dio. Eredu horiek, interes ekonomikoen gainetik, herritarren interesak lehenetsi beharko dituzte. 

Hirugarren erronkak genero ikuspegia klima-aldaketara egokitzeko neurrietan sartzeko beharrari erantzun nahi dio.

Azkenik, laugarren erronkaren xedea da azpimarratzea beharrezkoa dela klima, energia-trantsizioa, generoa eta horien arteko konbinazioa administrazioan zeharkako moduan aplikatzea, gizarte eta ekonomia arlo gehienetan garrantzitsuak direlako eta zuzeneko ondorioak eragiten  dituztelako.

Txostenak zenbait neurri zehatzak izan dezaketen efektu onuragarriak deskribatzen ditu. Adibidez, tokiko energia komunitateek pobrezia energetikoa arintzen lagun dezakete.

Ildo berean, zereginak banatzeak eta erantzunkidetasunak, bereziki zainketetan, lagundu egin dezake mugikortasun-ereduak aldatzen, eta, horrekin batera, emisioen eragina murrizten. 

Azkenik, genero-ikuspegia kontuan hartzen duten eta bizitza eta pertsonak erdigunean jartzen dituzten hirigintza-eredu trinkoen aldeko apustua egitea proposatzen du txostenak, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizten lagun baitezakete.