Borja Sanz: “Gure karbono-aztarna digitala murrizteko egin ahal dugun gauzarik onena kaleaz gozatzea da, telefonoa alde batera utziz”

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Teknologia Informatiko, Elektroniko eta Komunikazio Saileko doktore arduraduna.

Kutsadura digitala ikusezina da. Ez du kerik isurtzen eta ez du ageriko zaborrik sortzen. Hortaz, azaldu ahal duzu nola sortzen den kutsadura digitala?

Antzeko zerbait gertatzen da argia pizten dugunean edo iturria irekitzen dugunean. Oso xumea dirudien ekintza batek teknologia oso konplexua du atzean. Internetekin gauza bera gertatzen da. Webgune bat zabaltzen dugunean, horren atzean azpiegitura erraldoi bat dagoela pentsatu behar dugu. Ez da soilik piztuta dugun ordenagailua edo webgune zehatz horren zerbitzaria. Informazio hori gure gailuetaraino iristeko ezinbestekoa da azpiegitura erraldoi bat. Eta azpiegitura horrek energia behar du etengabe funtzionamenduan egoteko. Azpiegitura erraldoia denez gero, beharrezkoa den energia kopurua ere oso handia da.

Azpiegitura horrez gain, norbanakook erabiltzen ditugun gailuak ere daude. Gailu horiek guztiek ingurumen-inpaktu bat dute. Gainera, gero eta handiagoa da gailu horiek ordezkatzeko nagusitzen ari den joeraren ondorioz gero eta zabor teknologiko gehiago sortzen da.

Bestalde, kontuan hartu behar da, halaber, informazio horren zati handi bat itsaso azpitik doala, kontinenteak lotzen dituzten kable handien bidez, eta kable horiek lurzoru ozeanikoan daudela.

Laburbilduz, ingurumenaren eta energiaren ikuspegitik begiratuta, web orri bat irekitzea bezain gauza xume batek inpaktu handia du.

Googlen bilaketa bat egiteak, WhatsApp bidez mezu bat bidaltzeak, e-mail edo txio bat bidaltzeak, ‘streaming’ plataformetan musika entzuteak edo film bat ikusteak… horrek guztiak kutsatzen du, baina zein puntutaraino? Zein neurritan?

Interneteko enpresa handiez ari garenean, oso zaila da ekintza horietako bakoitza bereiztea eta energia-inpaktua ebaluatzea. Azaldu dudan bezala, ekintza xume horien atzean oso sistema konplexuak aurkitzen dira. Adibidez, Netflixen kasuan, gure esku den film edo telesail bakoitza oso modu ezberdinetan biltegiratuta dago, bereizmen eta kalitate-maila ezberdinetan, gure gailuetara modurik onenean egokitzeko. Gainera, eduki horiek abiadura handian eskaini ahal izateko munduan zehar barreiatuta dauden hainbat zerbitzaritan erreplikatuta daude. Hortaz, Netflixeko eduki xume bat ez da hain xumea.

Esparru digitalean egiten ditugun ekintza guztiak energia kontsumitzen duten datu-zentroetan prozesatzen dira. Ba al da Internetek mundu osoan egiten duen energia-kontsumoari buruzko datu fidagarririk?

Zenbait estimazioren arabera, munduko guztizko kontsumoaren % 5 eta % 15 artean legoke. Garbi dagoena da kontsumo hori oso modu azkarrean hazten ari dela. Egun bizi dugun digitalizazio prozesuaren ondorioz ezinbestekoa da Interneterako beharrezkoak diren baliabideen kopurua igotzea eta horrek zuzeneko eragina du energia kontsumoan.

Zein nolako kontsumoa izan dezakete datu-zentro horiek?

Kontsumoa zentroaren tamainaren araberakoa da. Zenbait kasutan, kontsumoa, urte bakar batean, 30.000.000 kwh-koa (30Gwh) izan daiteke. Datu hori behar bezala ulertzeko perspektiban jarri beharko genuke. Adibidez, etxe ‘arrunt’ batek, urtean 10.000 kwh-ko kontsumoa du. Esan dudan bezala, zentro horien tamaina ere aintzat hartu beharreko zerbait da. Adibidez, Amazonek Zaragozan zabaldu zuen zentroak 43.000 metro koadro inguru ditu (bost futbol zelai inguru). Hortaz, horrelako zentroek duten tamaina ikusita energia-kontsumoa nahiko optimizatuta dagoela esan daiteke.

Covid-19ak eragin duen pandemiaren ondorioz aplikazio digitalen erabilerak hazkunde izugarria izan du, bereziki, bideo-deiak. Horrelako deiek energia kontsumo handiagoa dute ala badira energia kontsumo handiagoa duten bestelako ekintza digitalak?

Bideo-deiek dituzten bi ezaugarriren ondorioz beste aplikazio mota batzuk baino energia gehiago kontsumitu ohi dute. Alde batetik, trafiko kopuru handia sortzen dute sarean. Hori dela eta, aldi bereko bideo-dei ugari jasateko, sare-azpiegitura oso ona behar da, horrek dakarren guztiarekin. Bestalde, irudia eta audioa bihurtu eta konprimatu egin behar dira sarean modu eraginkorragoan bidali ahal izateko. Hori dela eta, baliabide konputazional gehiago kontsumitzen dira, eta horrek energia gehiago eskatzen du.

Ingurumenaren eta energiaren ikuspegitik begiratuta, web orri bat irekitzea bezain gauza xume batek inpaktu handia du. Ez da soilik piztuta dugun ordenagailua edo webgune zehatz horren zerbitzaria. Informazio hori gure gailuetaraino iristeko ezinbestekoa da azpiegitura erraldoi bat. 

Streaming plataforma batean film edo telesail bat ikusten ari garenean, prozesu horiek guztiak optimizatuta daude, eta banda-zabaleraren kontsumoa saihestezina den arren, gainerako prozesua optimizatuta dago ahalik eta azkarren funtzionatzeko, energia-kostu txikienarekin. Bideo-deietan, berriz, irudiaren eta soinuaren prozesamendua gure ordenagailu edo telefonoetan egiten da eta, ondorioz, zailagoa da kontsumo hori optimizatzea.

Informazio eta komunikazio teknologien energia-erabilera kuantifikatu zuen lehen ikertzaileetako bat den Anders Andraek adierazi du berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa nabarmen murriztu daitekeela egun dauden eta etorkizunean garatuko diren IKT irtenbideei esker. Adibidez, bideo-deiei esker aurrez aurreko bilera gutxiago egin daitezke eta horrela hainbat bidaia ekidin daitezke. Modu horretan gutxiago kutsatuko genuke bideo-dei baten karbono-aztarna txikiagoa baita autoz edo hegazkinez egindako bidaia batena baino. Ikuspegi errealista edo baikorregia iruditzen al zaizu?

Horrelako testuinguru baten aurrean zaila egiten zait iragarpenak egitea. Zaila da aukera bakoitza isolatzea eta objektiboki biak alderatzea. Nire ustez, energia-kontsumoaz gain, beste faktore batzuek ere badute eraginik bilera bat presentzialki edo bideo-dei baten bidez egiten den erabakitzeko orduan. Egia da bideokonferentzien erabilera ohikoagoa dela eta, hainbat kasutan, bilera laburrak egin daitezkeela bideo-dei baten bidez bidaiak saihestuz. Baina bideo-deien energia-kontsumoa nahikoa konstantea dela, beste solaskidea dagoen distantzia edozein dela ere. Bilera presentzialetan, ostera, energia-kontsumoa gero eta handiagoa da solaskideen arteko distantzia handitzen den heinean.

Nolanahi ere, egoera askotan, aurrez aurreko bilerek bideo-deiek ez dituzten abantailak dituzte oraindik. Denborak bakarrik esango du egoera bakoitzean aukerarik onena aukeratzen ikasi dugun ala ez.

Facebook bezalako teknologia esparruko zenbait enpresa handik diote haien karbono-aztarna neutroa dela. Nola lor daiteke hori? Energia berriztagarrien erabilerarekin? Nahikoa al da?

Enpresa teknologiko handiek hainbat teknika eta teknologia erabiltzen dituzte energia gastua murrizteko. Kontuan izan behar dugu horrelako zentro baten gastuen % 60-70 inguru elektrizitatearen fakturari dagokiola. Hortaz, elektrizitatearen kontsumoan egiten den edozein optimizaziok eragin handia du emaitzen kontuan.

Elektrizitate kontsumoa murrizteko erabili ohi diren teknikak askotarikoak dira. Adibidez, enpresa horiek duten energia-arazo handienetako bat datu-zentro horiek hoztea da. Ordenagailuek ez dute tenperatura altuetan behar bezala lan egiten eta datu-zentro horietan ordenagailu asko pilatzen dira. Hainbat kasutan, datu-zentro horiek eskualde hotzetan eraikitzen dira, hala nola, Alaska edo Suedia. Sarritan, kostaldean eraikitzen dira eta itsasoko ura erabiltzen dute zerbitzariak hozteko. 

Horrelako sistemetan parte hartzen duten elementu guztien energia-eraginkortasunaren inguruan hainbat ikerketa burutzen ari dira. Googlek, adibidez, Adimen Artifizialari esker bere datu-zentroen energia-kontsumoa % 15ean murriztea lortu duela iragarri du.

Edozein kasutan, teknologia berrien ingurumen-inpaktua ez da soilik energia-kontsumo kontu bat. Gailu horien fabrikaziorako behar diren lehengaiak lortzeak eta ondoren sortzen den zabor teknologikoak ere eragina dute, eta are gehiago kontuan hartuta zaharkitzapen programatua dela eta, telefono baten bizi-zikloa ez dela 2 urtetik gorakoa izaten. Beharrezkoa al da gailu horien jasangarritasuna hobetuko lukeen araudi bat? Europar Batasunak, adibidez, kargagailu eredu bakarra izatea planteatu du…

Duela zenbait urte normala zen telefonoa urtero aldatzea. Orain telefonoak garestiagoak dira, baina egia da gehiago irauten dutela. Fabrikatzaileek etekin handiagoa lortzen dute eskaintzen dituzten zerbitzuen truke eta, beraz, ez dute ordezkapen ziklo azkarren beharrik. Nolanahi ere, gure buruari galdetu beharko genioke ea horrela ere gure gailuei ahalik eta etekin handiena ateratzen diegun ala ez eta ea ez ditugun behar baino maizago aldatzen.

Orain telefonoak garestiagoak dira, baina egia da gehiago irauten dutela. Gure buruari galdetu beharko genioke ea gure gailuei ahalik eta etekin handiena ateratzen diegun ala ez eta ea ez ditugun behar baino maizago aldatzen.

Araudiari dagokionez, garbi dago legean egiten diren aldaketa horiek guztiek inpaktu garrantzitsua dutela fabrikatzaileen jardunean. Hor dugu automozioaren industrian gertatzen ari dena. Europar Batasuna errekuntza-motorrak alde batera utzi eta fabrikatzaileak beren floten eraldaketa elektrikoa abiadura handian egitera behartzen ari da. Aipatzen duzun kargatzaileen gaia ere adibide ona da. Ez naiz horrelako legeetan aditua eta ez dakit oso ondo nola ardaztu beharko liratekeen lege horiek, baina garbi dago erabaki politikoek zer gailu fabrikatu behar diren eta horiek nola fabrikatu behar diren baldintza dezaketela.

Erantzukizuna ez da soilik enpresa handiena. Zer egin ahal dugu guk, kontsumitzaile bezala, gure karbono-aztarna digitala murrizteko?

Ez da erraza. Azken finean oso digitalizatuta dagoen gizarte batean bizi gara. Gainera, nire lankide Enrique Onievak dioen bezala, Diogenes sindrome digital batean bizi gara eta ez dugu ezer ezabatzen. Azken finean, biltegiratze kostuak oso baxuak dira eta gehiago kostatzen zaigu eduki digitalak ezabatzea horiek gordetzea baino. Baina horren ondorioz biltegiratze beharrak biderkatu egiten dira eta, horiekin batera, baita informazio hori guztia mantentzeko beharrezkoa den energia-beharra ere. Gure karbono-aztarna digitala murrizteko egin ahal dugun gauzarik onena kaleaz eta naturaz gozatzea da, telefonoa alde batera utziz.