Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: navarra.es
Hitz kopurua: 317
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Nafarroako Gazteriaren Institutuak sustatutako boluntariotza, lankidetza eta elkartasun jardueretan parte hartzen duten gazteek kreditu akademikoak lortu ahal izango dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoan bi erakundeen artean sinatu berri den akordio bati esker. Aipatu akordioa heziketa ez-formala eta balio sozialetan oinarritutako prestakuntza sustatzen duen ‘Eman kreditu zure elkartasunari’ programaren barruan egin da.
Sinatutako hitzarmenaren helburua da heziketa ez-formala eta formala lotzen dituen zubia eraikitzea, gazte unibertsitarioen ibilbide akademikoan dimentsio soziala eta solidarioa txertatuz. Horrela, programan parte hartzen duten gazteek egiten dituzten boluntariotza jarduerak ECTS kreditutan islatuko dira, NUPek ezarritako irizpideen arabera. Era horretan, heziketa integrala, zeharkakoa eta errealitatearekin lotutakoa sustatuko da.
Ekimenak komunikazioa, talde-lana, ekimena edo berrikuntza bezalako zeharkako gaitasunak (soft skills) egiaztatuko ditu. Trebetasun hauek funtsezkoak dira gaur egun, ez bakarrik gazteen hazkunde pertsonal eta sozialerako, baita haien lan-txertaketa eta enplegagarritasuna hobetzeko ere.
Lehen kredituak jasoko dituzten jarduerak
NUPek aintzat hartuko dituen esperientzien artean daude, adibidez, uda honetan bertan NGIk antolatu dituen gazte boluntarioen kanpamentuak. Gaur egun, honako bi jarduera hauek daude aktibo:
- Urbasa-Andiako natura parkea: 25 gazte abuztuaren lehen hamabostaldian parte hartzen ari dira parkeko mantentze lanetan, bidexkaren seinaleak jartzen, txabolen erregistro bat egiten eta monumentu megalitiko eta naturalen seinaleztatzea hobetzen.
- Pirinio Nafartarreko Muga Gotortua: Beran, beste 25 gazte frankismoaren garaiko metraileta habiak eta bunkerrak garbitzen, berreskuratzen eta dokumentatzen ari dira.
Bi kanpamentu horiaz gain, 167 gazte gehiagok parte hartzen dute uda honetan Nafarroan, Estatuko gainerako lurralde eta atzerrian antolatutako hainbat boluntariotza kanpamentutan.
Etorkizunerako konpromisoa
Nafarroako Gazteriaren Institutua aspaldi dabil heziketa ez-formala aitortu eta balioesteko estrategia bat garatzen. Ibilbide hau urte hasieran sendotu zen NGIk Reconoce Sarera egin zuen atxikimenduarekin.
Ekimen honen bidez, Nafarroako gazteriak aitorpen formala lortuko du auzolandegietan, gazteriaren informazio-ordezkariaren programan eta NGIren beste jarduera batzuetan parte hartzeagatik.
Gainera, NGIk aholkularitza eta laguntza eskainiko die gazte-erakundeei, haiek ere gaitasun hauek egiaztatu ahal izan ditzaten, politika honen eragina gazteriarekin lotutako gizarte-ehunaren osoan zabalduz.








