EHUn graduatzen diren ikasleen % 90 lanean ari da urtera

Lanbidek egin duen txosten baten arabera, gazteen % 60k euskara jakitearen garrantzia azpimarratu dute lana aurkitzeko unean.

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: EHU
  Hitz kopurua: 250
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Lanbidek argitaratu duen ‘Laneratzeari buruzko txostena’k jasotzen duenez, 2021. urtean EHUn graduatu ziren hamar gaztetik bederatzi lanean ari zen ikasketak amaitu eta hiru urtera. Lanbidek urte horretan beren ikasketak amaitu zituzten 4.926 gazteri egin die inkesta. Gazteek emandako erantzunen arabera, okupazio-tasa, hots, ordaindutako lana duten pertsonen ehunekoa pertsona aktibo guztiekin alderatuta, % 90ekoa da.

Txostenak azaltzen duenez, bada genero-arrakala arin bat. Horrela, graduatutako gizonen laneratze-tasa emakumeena baino bi puntu handiagoa da. Ikasketak amaitu eta hiru urtera lanean ez diren emakumeen kopurua % 11 den bitartean, gizonena % 9koa da.

Enplegu egokitua

Enplegu egokitua edo egindako ikasketei lotutako enplegu tasa % 87koa da. Gainera, graduatutako gazteen ia bi heren (% 63) ikasketak amaitu eta urtebetera lanean da.



Lanbidek argitaratutako txostenak gazte hauen soldatak ere aztertu ditu. Jasotako erantzunen arabera, lanaldi osoko bataz besteko soldata garbia 1.819 eurokoa da, 14 ordainsaritan banatua. Kasu honetan ere genero-arrakala antzematen da: gizonen batez besteko soldata 1.867 eurokoa den bitartean, emakumeena 1.771 eurokoa da.

Graduatutako ikasle gehienek besteren kontura egiten dute lan (% 77). Langile autonomo bezala lan egiten dutenak % 3 baino ez dira eta % 5,56k ikasketekin jarraitzea erabaki du.

Euskararen garrantzia

Inkestan parte hartu duten gazteen % 60k euskara jakitearen garrantzia azpimarratu dute lana aurkitzeko unean. Jakintza esparruaren arabera, euskararen garrantzia nabarmenagoa izan da gizarte zientzietan (% 79,1), humanitateetan (% 73,4) eta osasun arloan (% 62,7). Beste esparru batzuetan ere inportantea izaten jarraitzen du, nahiz eta ehuneko txikiagoekin: esparru esperimentaletan (% 56,7), ekonomiko-juridikoan (% 50,2) eta arlo teknikoetan (% 35,3).