Adimen Artifizialaren eragina lan-merkatuan

Microsoftek egindako ikerketa batek AA sortzailearen erabilerak gehien mehatxatzen dituen 40 lanbideak identifikatu ditu

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 468
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Itzultzaileak, historialariak eta idazle/kazetariak. Microsoftek ezagutzera eman duen ikerketa baten arabera, hiru horiek dira adimen artifizialaren erabileraren ondorioz arriskuan diren hiru lanbide nagusiak. Txostenak teknologia horren erabilerak mehatxupean jarri dituen 40 lanbide identifikatu ditu. Funtsean, “Working with AI: Measuring the Occupational Implications of Generative AI” izenburua duen azterlanak ondorioztatu duenez, lanbide kaltetuenak ahalegin intelektual teknikoa eskatzen duten lanbideak izango dira, hala nola informatika, matematika edo bulegoko kudeaketa. Txanponaren beste aldean, lanbide praktikoek apenas pairatuko dute teknologia horren eragina. Hor daude, adibidez, makineria astuneko operadoreak, garbitzaileak, igeltseroak, osasun esparruko langileak…



Azterlana erabiltzaileek Microsoft Bing Copilot adimen artifizialeko zerbitzuarekin izandako 200.000 solasalditan oinarritzen da. Horietan, erabiltzaileek, nagusiki, informazioa biltzea eta idazketa lanak egitea eskatzen diote adimen artifizial sortzaileari.

Eskulana vs ordenagailua

Txostenak ez du behin betiko iragarpenik ematen, baina joera argi bat erakusten du: zuzeneko eskulana behar duten lanbideek ez dute AA sortzailearen mehatxua izango. Ostera, ordenagailu baten aurrean egin beharreko lanbideetan aldaketa sakonak izango dira eta, zenbait kasutan, baliteke lanbide horiek guztiz desagertzea. AAren mehatxupean den sektoreren batean lan egiten duten horiek trebetasun osagarri berrietan trebatu beharko dute beren burua. Izan ere, esan ohi den bezala, mehatxu batean atzean beti dago aukera berri bat. Hortaz, Adimen artifizialeko tresnen erabilera, datuen analisia, pentsamendu kritikoa, hizkuntzak edo estrategia digitalen diseinua bezalako trebetasunak aukera bat izan daitezke lan merkatu berrira egokitzeko.

Gazteak kaltetuenak?

Gaur egun lan-merkatuan den joera ikusita, garbi dago adimen artifizialaren ezarpenak milaka kaleratze eragingo dituela. Hala iragarri dute, adibidez, Amazonek eta Microsoftek berak. Aditu batzuen arabera, litekeena da adimen artifizialak langile hasiberri gazteei eragitea, haien zereginak samurragoak izaten baitira, eta, ondorioz, automatizatzeko errazagoak. 

AAk zenbait lanbide desagerraraziko ote duenaren inguruko eztabaida mahai gainean dago. AA sortzailea enpresa eta langile askoren egunerokotasunaren parte bihurtu da

Beste aditu batzuen ustez, berriz, esperientzia gehien duten langileak izango dira kaltetuenak, nolabait, langile gazteek adimen artifizialera egokitzeko gaitasun handiagoa izango dutelako.



Ez da eztabaida txikia. adimen artifizialaren ezarpenak , bereziki, gazteak kaltetzen baditu, hezkuntza-sistemaren eta, batez ere, unibertsitatearen oinarriak birplanteatu beharko lirateke, unibertsitate-ikasketak jada ez bailirateke enpleguaren berme izango. Ostera, kaltetuenak langile zaharrenak badira, horrek lurrikara sozial bat eragingo luke, maila ekonomikoan zein politikoan.

Arriskuan dauden 40 lanbideen zerrenda

Microsoftek egin duen azterlanaren arabera, hauek lirateke adimen artifizialaren eraginez mehatxupean diren 40 lanbideren zerrenda:

  1. Interprete eta itzultzaileak
  2. Historialariak
  3. Hegaldi-laguntzaileak
  4. Salmenta-zerbitzuetako ordezkariak
  5. Idazleak eta egileak
  6. Bezeroen arretarako langileak
  7. CNC erraminten programatzaileak
  8. Telefono operadoreak
  9. Bidaia-agentzietako langileak
  10. Irratiko esatariak eta DJak
  11. Artekaritzako bulegariak
  12. Nekazaritza eta etxeko administrazioko hezitzaileak
  13. Telefono bidezko saltzaileak
  14. Hoteletako atezainak
  15. Zientzialari politikoak
  16. Albisteen analistak, berriemaileak eta kazetariak
  17. Matematikariak
  18. Erredaktore teknikoak
  19. Testu zuzentzaileak
  20. Harreragileak
  21. Editoreak
  22. Negozio irakasleak
  23. Harreman publikoko espezialistak
  24. Produktu sustatzaileak
  25. Publizitate-salmentetako langileak
  26. Kontu berriko bulegariak
  27. Estatistika-laguntzaileak
  28. Salmahaietako bulegariak
  29. Datu-zientzialariak
  30. Finantza-aholkulariak
  31. Artxiboko langileak
  32. Unibertsitateko ekonomia irakasleak
  33. Web garatzaileak
  34. Kudeaketako analistak
  35. Geografoak
  36. Modeloak
  37. Merkatuaren ikerketarako analistak
  38. Segurtasun publikoko telekomunikatzaileak
  39. Telefonoguneetako operadoreak
  40. Bibliotekonomiako irakasleak