Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 242
Irakurketa denbora: Minutu 1
Amaitu da eremu sozioekonomikoan euskararen erabileran jauzi kualitatiboa lortzea helburu duen Lanera proiektuaren lehen fasea. Eusko Jaurlaritzak garatu duen egitasmo horren lehen fasean Euskal Autonomia Erkidegoko 252 udalerrik parte hartu dute. Funtsean, entzutean oinarritutako fase bat izan da eta bertan izan diren bileretan udalerrietan garatzen ari diren ekimen ezberdinen berri jaso da. Bilera horietan jasotako informazioari esker, udalerrietan zein eskualdeetan diren tresnak eta erritmoak ezagutu ahal izan dira. Horrek etortzear diren hurrengo faseetan izango diren jarduerak hobeto doitzeko aukera emango du.
Bost fase
Lanera egitasmoaren lehen fasea maiatzean jarri zen martxan. Guztira, 25 bilera egin dira 252 udalerrietako ordezkariekin, euskararen sustapenerako abian diren ekimenen inguruko informazioa jasotzeko eta ekimen berriak martxan jartzeko aukera aztertzeko.
Behin lehen fasea amaituta, irailean bigarren faseari ekingo zaio. Bigarren fase horren helburu nagusia izango da diagnostiko partekatu bat egitea eta lehentasunak ezartzea.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Aitor Aldasorok positibotzat jo du lehen fase hau, etorkizunera begirako proiektuak garatzeko ezinbestekotzat jo baitu diagnostiko partekatua egitea.
Egitasmoaren hirugarren fasea urria eta azaroa bitartean garatuko dela aurreikusita dago. Fase horretan, diagnostikoaren berri emango zaie udalei eta hiru lurraldeetako enpresekin gara daitezkeen berariazko ekintzak zehaztuko dira, baita haien eraginkortasuna neurtu ere, udalerrietarako eta enpresetarako gida izan daitezen.
Laugarren fasean, eskualde bakoitzeko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta egindako ekimenak enpresei helaraziko zaizkie.
Amaitzeko, bosgarren fasean, enpresei egitasmora atxikitzeko aukera eskainiko zaie. Azken fase hori 2026. urtean garatzea aurreikusten da.









