EHUk munduko 400 unibertsitate onenen artean jarraitzen du

Shangaiko rankingaren azken eguneraketaren arabera Euskal Herriko Unibertsitateak 301 eta 400 postuen artean jarraitzen du

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: ehu.eus
  Hitz kopurua: 268
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) pasa den urtean lortutako postuari eutsi dio unibertsitateen sailkapen garrantzitsuena den Shangaiko rankingean. Shangaiko Jiao Tong unibertsitateak urtero kaleratzen duen sailkapen horretan munduko 1.000 unibertsitate garrantzitsuenak azaltzen dira. Gainera, Estatu mailan, unibertsitate onenen 3. eta 8. postuen artean sartzea lortu du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin, Madrilgo Unibertsitate Autonomoarekin, Complutense Unibertsitatearekin, Pompeu Fabra Unibertsitatearekin eta Granadako Unibertsitatearekin batera. Aurretik ditu Bartzelonako Unibertsitatea eta Valentziako Unibertsitatea. Aurtengo 1.000 unibertsitate onenen artean sartu den beste euskal unibertsitate bakarra Nafarroako Unibertsitatea da, 501-600 postuen artean mundu mailan eta 11-14 postuen artean Estatu mailan.



Ranking orokorretik harago, EHUk 300 unibertsitate onenen artean sailkatzea lortu du 8 ezagutza arlotan: Kimika, Nanozientzia eta Nanoteknologia, Matematika, Fisika, Ingeniaritza, Materialen zientzia, Energia zientziak, Farmazia, Hezkuntza eta Zientzia politikoak. Kimika eta Nanozientzia eta Nanoteknologia arloetan, berriz, 200 unibertsitate onenen artean sailkatuta dago. 

EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak azpimarratu duenez, “lehia geroz eta handiagoa da unibertsitateen artean, batez ere, espezializatutako unibertsitateek hartzen dituztelako lehen postuak. Hori dela eta, are garrantzia handiago hartzen du EHU hor egoteak, ezagutza arlo guztiak eskaintzen dituen unibertsitate publikoa baita”. Espainiar estatuan 36 unibertsitate sartu dira rankingean eta 8 onenen artean artea kokatzen da EHU. 

Munduko unibertsitate onenak

Aurreko urtean bezala, munduko hiru unibertsitate onenak Harvard, Stanford eta MIT estatubatuarrak dira. Hamar unibertsitate onenen artean zortzi estatubatuarrak dira eta beste biak britainiarrak: Cambridge (4. postuan) eta Oxford (6.). Unibertsitate estatubatuarrak nagusi dira sailkapenean, lehen 30 postuetatik 19 bertakoak baitira. Txinak lau unibertsitate sartu ditu lehen 30 horien artean. Europar Batasuneko unibertsitate bakarra lehen multzo horretan Paris-Saclay Unibertsitatea da 13. postuan.