Egilea: Jose Poza
Infografia: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 256
Irakurketa denbora: Minutu 1
Nastat-Nafarroako Estatistika Erakundeak ezagutzera eman dituen datuen arabera, Nafarroan bizi diren eta Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako biztanleen % 70,8k, gutxienez, gaitasun digitaleko ‘oinarrizko’ maila du.
DSI 2.0 (Digital Skills Indicator) indizean oinarritutako datuek alde nabarmenak erakusten dituzte talde demografikoen artean. Horrela, 16 eta 35 urte bitarteko gazteen % 86,5ek oinarrizko gaitasunak lortzen dituzten bitartean, kopuru hori nabarmen jaisten da 76 urte bitartekoen artean, adin-talde horretako herritarren % 26,6k baino ez baititu oinarrizko gaitasunak. Hortaz, belaunaldien arteko arrakala digitala agerikoa da.
Aldagaiak
Sexuen arteko aldeak hutsaren hurrengoa dira: gizonezkoen % 71,3k eta emakumezkoen % 70,2k dituzte, gutxienez, oinarrizko gaitasunak. Eskualdeka, Iruñerriko biztanleen % 73,7k ditu oinarrizko gaitasunak, Erdialdean % 68,9k, Iparraldean % 63,7k eta Hegoaldean % 66,8k.
Hezkuntza-maila altua duten erabiltzaileen % 86,2k ditu, gutxienez, oinarrizko gaitasunak. Hezkuntza-maila baxuagoa denean oinarrizko gaitasunak dituztenen ehunekoa ere baxuagoa da, bi aldagai horien arteko zuzeneko harremana islatuz: Lehen mailako ikasketak dituzten % 56,9k ditu oinarrizko gaitasun digitalak. ‘Komunikazioa eta elkarlana’ atalean, herritarren ia % 100 iristen da oinarrizko mailara. Hala ere, ‘Edukien sorkuntza’ atalean kopuru hori % 75eraino jaisten da.
Zerbitzu publikoen digitalizazioari dagokionez, 16 urtetik gorako hamar herritarretik zazpik Administrazio Elektronikoko tresnak erabiltzen dituzte izapideak kudeatzeko.
Nafarroako hamar pertsonatik zazpik ‘phishing’ edo ‘pharming’ bezalako iruzur eta eraso zibernetikoak jasan dituzte
Adimen artifizialari dagokionez, inkestak ezagutza teoriko altua jasotzen du, baina erabilera praktikoa baxua da. Inkestatutako herritarren % 87k AAren inguruko ‘zerbait’ entzun du eta % 70,6k gaiaren inguruan irakurri du. Hala ere, % 41,3 bakarrik erabili izan du noizbait teknologia hori eta soilik % 28,4k identifikatu ahal izango luke noiz aplikatzen duen sistema informatiko batek teknologia hori.
Inkestak ingurune digitalaren arriskuez ere ohartarazten du. Hamar pertsonatik zazpik, gutxi gorabehera, phishing edo pharming bezalako iruzur eta eraso zibernetikoak jasan dituzte, eta horrek azpimarratzen du, oinarrizko gaitasun digitalak garatzearekin batera, zibersegurtasuneko hezkuntza indartzeko premia larria dagoela.









