Kutsadura ikusezina

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Pertsona gehienok industriekin eta garraioekin identifikatzen dugu kutsadura; hala ere, bada oharkabean pasatzen den aztarna bat: teknologia digitalaren inpaktua.

Klima-aldaketaren aurkako borroka egun dugun kezka sozial eta ekonomiko nagusietako bat da. Berotegi-efektua eragiten duten CO2 bezalako gasen emisioak murriztea berotze globalaren ondorioak arintzeko erronka kolektiboa bilakatu da. 

Normalean, kutsadura energia-industriarekin, petrolio-industriarekin, modarekin edo garraioarekin erlazionatu ohi dugu. Egia da, neurri handiagoan edo txikiagoan, bai enpresak bai pertsonak, eguneroko jardunean, praktika iraunkorragoak eta kontsumo-jarraibide arduratsuagoak hartzen ari direla. Hala ere, badira ingurumenean inpaktu handia izan arren oharkabean pasatzen diren hainbat jarduera. 

Adibidez, e-mail bat bidali, argazki bat partekatu, txio edo WhatsAppeko mezu bat bidali, Zoom bidez bilera bat egin, Spotifyn musika entzun, streaming plataformetan film bat ikusi edo Googlen bilaketa bat egiten dugun bakoitzean, uste baino CO2 emisio gehiago sortzen dugu. Hau da, gure jarduera digitalak kutsatzen du eta karbono-aztarna digital bat uzten du.

Garbi dago informazio eta komunikazio teknologiak ezinbestekoak direla gure gizartean. Teknologia horien hazkundea esponentziala izan da azken urteetan eta hurrengoetan bide bera jarraituko dutela dirudi. Azken bost hamarkadetan, adibidez, gailu elektronikoen kontsumoa sei aldiz biderkatu da. Covid-19ak eragin duen osasun-krisiak gure gizartearen digitalizazioa sendotzen lagundu du.

41 milioi whatsapp minuturo

Domo enpresak egin duen ‘Data Never sleeps 8.0’ txostenean jasotzen denez, gaur egun, minuturo, munduan diren 4.600 milioi Internet erabiltzailek milioi bat dolar gastatzen dute online, 41,7 milioi mezu bidaltzen dituzte WhatsApp bidez, 1,4 milioi dei egiten dituzte eta 500 bideo ordu igotzen dituzte. 5G teknologia mugikorraren hazkundeari esker kopuru horiek guztiak, zalantzarik gabe, biderkatu egingo dira.

Sarea hor da, baina ez dugu ikusten. Ez du kerik isurtzen. Ez du zaratarik egiten. Ez du hondakinik sortzen. Baina kutsatzen du.

Kutsadura digitala ikusezina eta isila da, baina erreala da. Internetek eragiten duen karbono-aztarna oharkabean gertatzen bada ere, gure jarduera digitalak berotegi-efektua duten gasen emisioak eragiten ditu.

Gure gizartean erabiltzen diren datuen bolumena itzela da. Hasieran merkataritza digitala izan zen eta jarraian streaming plataformak, telelana, bideodeiak… iritsi dira. Teknologia digital horiek guztiek behar duten energia kontsumoa itzela da eta gora egiten jarraitzen du.

Kimikako Elkarte Amerikarraren arabera, 2013. urtean Interneten industriak, urtero, 830 milioi tona karbono dioxido ekoizten zituen, hots, emisio guztien % 2 inguru. Garai horretan, Internetek hegazkinen industria guztiak adina poluitzen zuen. Baina aurreikuspenek ziotenez, 2020rako kopuru hori bikoiztu egingo zen; eta hala izan da.

Horrela, Internetek eragindako karbono dioxido emisioak emisio globalen % 3,7ra iritsi ziren 2020ko martxoa baino lehen. Eta konfinamenduak urte horretan karbono-emisio globaletan beherakada errekorra ekarri bazuen ere, telelanak eta etxeko entretenimenduaren gorakadak ingurumen-inpaktu esanguratsua izaten jarraitu zuten.

Digitalizazioa gizartearen sektore guztietara zabaldu da. Badirudi teknologia (ez hain) berrien kontsumoak gora egiten jarraituko duela, bai lan munduan bai aisialdiaren alorrean. Baina ez gara jabetzen horrek guztiak sortzen duen kutsaduraz.

Energiaren Nazioarteko Agentziak (AIE) zenbatetsi duenez, interneten atzean den informazio fluxu masiboari erantzuteko beharrezkoak diren datu-zentroek munduko elektrizitate guztiaren % 2 inguru kontsumitzen dute (416 terawatt baino gehiago). Erresuma Batua osoan den kontsumoaren baliokidea litzateke. 

Ekintza digitalek kutsatzen dute

Egunero Interneten egiten diren ehunka ekintzetako bakoitzak atmosferara CO2 emisioak botatzen dituen energia-gastua du. Horietako ekintza asko ia inkontzienteak edo espontaneoak dira. Ekintza bakoitzak karbono-aztarna espezifikoa du. Izan ere, karbono-aztarna digitala teknologia edo baliabide digitalen erabilerak eragiten duen emisioen kalkulua da. Eta norberak izan ditzakeen karbono-aztarna digitala hutsala dirudien arren, izugarri handia da planetako internauta guztiena batzen bada.

Egunero ia 35.000 tona dioxido karbono isurtzen dira atmosferara. Mike Berners-Lee ikertzaileak egin dituen kalkuluen arabera, WhatsApp  mezu bakoitzarekin 0,2 gramo isurtzen dira. Googlek berak onartu duenez, bilatzaile horretan egiten den bilaketa bakoitzak batez beste eragiten duen CO2 kopurua ere 0,2 gramokoa da. Bilatzaile horretan segunduro egiten diren 47.000 bilaketek 500 kilo CO2 sortzen dituzte. YouTube plataformak urtero eragiten dituen emisioak Glasgow bezalako hiri batek eragiten dituenen parekoak dira: 10 milioi tona. 

Mega bateko pisua duen posta elektronikoko mezu batek 19 gramo CO2 sortzen ditu Frantziako Ingurumenerako Agentziak egindako kalkuluen arabera. Media Shift Project GKEren kalkuluen arabera, berriz, streaming plataforma batean 30 minutu egoteak 6 kilometro gidatzen ditugunean sortzen diren emisio berak sortzen dira. Netflixek bera azaldu duenez, Estatuan plataforman ematen den ordu bakoitzeko 55 gramo CO2 isurtzen dira, hots, mikrouhin-labean lau krispeta-poltsa prestatzearen baliokidea.

Pasa den urtean posta elektronikoko postontzia husteko erabiltzen den Cleanfox aplikazioak, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta Espainian dituen 3,5 milioi erabiltzaileen inguruko datuen berri eman zuen. Datu horien arabera, posta elektronikoen % 60 inguru ireki gabe geratzen dira. Ez dirudi kaltegarria, ezta? Bada, horrelako zerbaitek 1,5 milioi tonako karbono-aztarna du.

Herbeheretako Banku Zentraleko  Alex de Vries eta Christian Stoll ekonomilariek MITekin batera egin duten azterlan baten arabera, 2020. urtean zehar, 112,5 milioi bitcoin-transakzio egin ziren eta horietako bakoitzak hondakin elektronikoen 272 gramo eragin zituen. Kalkulu horien arabera, bitcoin fenomenoak urtero 30,7 kilotona hondakin sortuko lituzke. Kopuru hori, adibidez, Herbeheretan bertan urte bakar batean sortzen diren hondakin elektronikoen parekoa da. 

Energiaren kontsumoak gora egiten jarraituko du

Karbono-aztarna handiena datuen transmisioaren ondorioz ematen da. WhatsApp bat bidaltzen dugunean edo sare sozailetan argazki bat partekatzen dugunean kutsatzen ari gara, bereziki prozesu horiek behar duten energiagatik. Horrez gain, datu horiek guztiak ‘hodeian’ biltegiratzeko espazio handiak behar dira eta zerbitzarien gailu elektronikoak sarritan berritu behar izaten dira.

Hodeiaren metaforak ez du laguntzen Internet entitate fisikoa denik pentsatzera, baina seguruenik, gizateriak inoiz eraiki duen egiturarik handiena da. Sarea osatzen duen osagaiak askotarikoak dira: itsaspeko kableak, datu-zentroak, zerbitzariak, gailuak. Hala ere, sarritan Internet gailuekin, mugikorrekin, tabletekin edo ordenagailuekin baino ez dugu lotzen.

Eta egitura itzel horrek energia asko kontsumitzen du. Greenpeacek egin duen ‘Click Clean’ txostenean jasotzen denez, informazioaren teknologien sektorearen energia-aztarna, gutxi gorabehera, mundu osoan kontsumitzen den elektrizitate guztiaren % 7 da. 

Oso zaila da Interneten diren milaka milioi erabiltzailek, zerbitzu-enpresek eta teknologia-fabrikatzaileek, azpiegiturek eta datu-zentroek batera sortzen duten karbono-aztarna kuantifikatzea. Gai horren inguruan egin diren ikerketa ia guztiak estimazioak ematera mugatzen dira, besteak beste,  datu berrienak eta errealistenak ez baitira publikoak izaten. Fabrikatzaileek ez dituzte datu horiek ematen lehiakideengandik babesteko, sekretu industrialak babesteko edo, zenbait kasutan, enpresaren aldekoak ez direlako.

Anders Andrae suediar ikertzaileak 2015. urtean aurreratu zuenez, IKT sektorearen energia eskaera urtero % 20an hazten zen. Andraeren ustez, industria horrek elektrizitate guztiaren % 20 kontsumitzera iritsi daiteke eta 2025. urtean munduan izango diren berotegi-efektuko emisio guztien % 5,5aren erantzule izango da. Kalkulu hori zuzena bada 2025ean, Internet baino gehiago kutsatzen duten hiru herrialde besterik ez dira izango: AEB, Txina eta India

Andraek berak 2015. urtean emandako datuak berraztertu zituen iaz. Kalkulu berrien arabera, 2030. urterako sektore digitalak 1.500 eta 3.200 Twh-ko elektrizitate kontsumoa behar izango du eta 1.296 tona CO2 sortuko ditu. 2020. urtean, 2020an, Alemaniak, Frantziak eta Italiak batera 1.225 milioi tona isuri zituzten.

Bestalde, Lancasterreko Unibertsitateko talde batek 2021eko irailean argitaratutako ikerketa baten arabera, karbono-aztarna digitala guztizkoaren % 1,8 eta % 2,8 artekoa da.

Ikerketa gehiago

Komunikazio Elektronikoetarako Europako Arautzaileen Erakundeak (BEREC) egin duen ikerketa baten arabera, gaur egun, sektore teknologikoa negutegi-efektua duten gasen emisioen % 2-4ren erantzule da. Kopuru hori % 14raino igo daiteke 2040. urterako blockchain, machine learning eta big data bezalako fenomenoekin. 

Txosten horren arabera, egungo karbono-aztarna digitalaren % 60-80 inguru gailuetatik dator (mugikorrak, ordenagailuak eta telebistak). Beste % 15 inguru datu-zentroen ondorioz sortuko litzateke eta gainerako % 12-24 telekomunikazio-azpiegituren instalazioetatik eta sistema eragileetatik.

Nolanahi ere, ikerketa eta azterlan horiek guztiek diote ekonomian eta herritarren bizitzan etengabeko digitalizazioak eragin nabarmena duela ingurumenean.

2007an Fisikako Nobel Saria irabazi zuen Albert Fertek dioenez, “Interneten gero eta gauza gehiago gertatzen direnez, data center delakoen energia-kontsumoa 10 faktorean handituko da datozen hamar urteetan”. UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzailea da Fert eta 2030. urtean munduko elektrizitate guztiaren % 20 inguru datuen transmisio digitalean xahutuko dela aurreratzen du. Gaur egun, Google-n datu-zentro batek San Francisco bezalako hiri bat baino elektrizitate gehiago kontsumitzen du.