Euskadiko gazteak kontsumo-ohiturak aldatzearen alde

Euskal gazteriaren % 84,8 kontsumo-ohiturak aldatzearen alde dago klima-aldaketaren ondorioak arintzen laguntzeko.

Gazteen Euskal Behatokiak bildutako datuen arabera, euskal gazteriaren % 84,8 kontsumo-ohiturak aldatzearen alde dago klima-aldaketaren ondorioak arintzen laguntzeko. Ildo berean, gazteen % 80,8 hazkundean oinarritutako eredu ekonomikoa birplanteatzearen alde azaltzen da.

Izan ere, aipatu datuen arabera euskal gazteriak kezka handia azaltzen du klima-aldaketaren inguruan. Inkestatu diren 15 eta 30 urte bitarteko 3.000 gazteen artean % 78,7k oso larritzat jotzen du egoera. Erdiak baino gehiagok uste du klima-aldaketaren kontrako borroka lehentasunezkoa izan behar dela.

Datuek desdoiketa bat azaltzen dute gai horren inguruan dagoen kezkaren eta ondoren horren inguruan egiten diren ekintzen artean. Horrela, ingurumenaren zaintzarekin lotura duten proposatutako ekintza edo portaeren artean bi bakarrik egiten dituzte ingurumena zaintzeko: birziklatzeko zaborra bereiztu eta erosketa-poltsak eraman (% 74,5ek eta % 59,3k, hurrenez hurren).

Gazteek 2030 Agendan jasotzen diren Garapen Jasangarriko Helburuen inguruan duten ezagutza biztanleria osoarena baino nabarmen handiagoa da.