
Bilbao International Games Conference. Hori da, hain zuzen ere, hemendik aurrera Fun&Serious jaialdiak izango duen izen berria. Aurtengoa jaialdi ezagunaren hamabigarren edizioa izango da eta antolatzaileek azaldu dutenez, azaroaren 18tik 19ra bitartean ospatuko da BECen.
Aurtengo edizioan ohiko formatua berreskuratuko da. Gogoratu behar da 2020. urtean, pandemiaren eraginez, jaialdia guztiz digitala izan zela eta iaz, berriz, murrizketak zirela eta, online jarduerak eta presentzialak uztartu ziren.
Izen aldaketa ez da jaialdiak izango duen berrikuntza bakarra. Izan ere, antolatzaileek jaialdia bideo-jokoen industriako profesionalei bakarrik zuzentzea erabaki dute. Hortaz, publiko orokorrera zuzendutako jarduerak desagertuko dira programaziotik. Formakuntza, komunikazioa, marketina eta egitasmo arrakastatsuak izango dira eraberrituta datorren jaialdiaren ardatzak.
Negozioa eta ezagutza
Jaialdiak aurreko edizioetan hasitako apustuan sakonduko du aurten: bideo-jokoen industriako profesionalek eta profesionalentzat sortutako ekitaldia, negozioa eta ezagutza uztartuko dituena eta, aldi berean, garapen independenteko eszenaren topaleku ere bihurtu dena Espainian.
Antolatzaileek jaialdia tokiko bide-jokoen industriari bultzada emateko gunea ere izatea nahi dute.