Nazio Batuek zehaztu dituzten Garapen Iraunkorrerako Helburuak azken boladan guztion ahotan dagoen gaia da. Zer dira helburu horiek eta zer da, azken finean, horiekin lortu nahi dena?

Nazio Batuen erakundeak 2030 Agenda 2015. urteko irailean onartu zuen, baina erabaki hori prozesu luze baten ondorioa da: Milurtekoko Garapen Helburuak, Rio+20… Agenda, beraz, Nazio Batuen erakundean garapen jasangarriaren, iraunkortasunaren edota ingurumenaren inguruan zegoen kezkaren emaitza litzateke. Azken finean, gizadiak etorkizunean izango dituen erronka handienen inguruan hitz egiten ari gara.

Helburuak onartzen direnean, gure iritziz, badira arreta berezia merezi duten hiru elementu. Lehenik eta behin, garapen jasangarriaren eztabaidan aldagai ekonomikoa barneratzen da. Horrela, aldagai sozialaz gain, eraldaketa hori osatuko duen eredu ekonomiko baten beharra azpimarratzen da. Bigarren elementua da ordura arte garapenerako lankidetza izan zela prozesu horren guztiaren lider, baina Agenda berriarekin eta etorkizun oparoago bat lortu ahal izateko, eragile guztien lanaren garrantzia azpimarratzen hasten da. Azkenik, Nazio Batuen erakundeak garrantzi berezia ematen dio Estatu ez diren lurraldeek Garapen Iraunkorreko Helburuen betetzean egin dezaketen lanari. Halaber, irtenbideak estatuen politiketatik haratago joan behar duela eta agenda garatzeko badirela beste zenbait erakunde onartzen da.

Eusko Jaurlaritzak bereak egin ditu Helburu horiek eta bere agenda propioa garatu du, Euskadi Basque Country 2030 Agenda, hain zuzen ere. Zeintzuk lirateke azken horren ardatz nagusiak eta zertan bereizten da Agenda globaletik?

Eusko Jaurlaritzak ez zuen Agendaren prestaketan parte hartu, baina 2016. urtean behin agenda zehaztuta zegoenean eta gure artean gobernua eratu ostean, agendan izan zitezkeen elementu diferentzialak aztertzen hasi ginen. Urte horren amaieran, azaroan hain zuzen ere, Iñigo Urkullu Lehendakariak bere inbestidura-diskurtsoan hurrengo urteetarako gobernu-ekintzan 2030 Agenda aintzat hartzeko konpromisoa azaldu zuen. 2017ko otsailean, gobernu-programa aurkeztu zen eta bertan, jada, 2030 Agendan jasotako hainbat elementu barneratzen dira. Oinarri horretatik abiatuta, agenda globala lurralderatzen hasi ginen, hots, agendak zehazten dituen erronkak aztertzen hasi eta gobernu-programa eskuan genuela, hiritarrekin hartutako konpromisoek aipatu erronka horiei zein erantzun ematen zieten aztertu genuen. Azken finean, agenda globalean zehazten diren erronka guztiek ez gaituzte modu berean eragiten edo, beste modu batera esanda, lurralde guztiek ez ditugu erronka berberak partekatzen.

Lan horren guztiaren emaitza da Urkullu Lehendakariak pasa den urtearen apirilean aurkeztu zuen Euskadi Basque Country 2030 Agenda. Bertan, agenda globalean jasotzen ziren 169 jomugetatik 100 aukeratu ziren. Horiek, neurri batean, gobernuak hartuta zituen 93 konpromisorekin egiten zuten bat. Agenda lau urtetarako onartu zen, hots, 2017an hasi eta 2021era arte luzatuko da. Beraz, ez da 2030. urtera bitarteko agenda, baina lehen agenda hori etorriko diren beste agenda batzuekin osatzea espero dugu. 

Garapen Iraunkorrerako Helburuak anbizio handiko helburuak dira eta horiek lortzeko ezarritako epea ez dago oso urruti. Hamar urte barru horiek lortuko ez balira porrotaz hitz egitea zuzena litzateke ala horietara hurbiltzea jada arrakastatzat jo daiteke?

Agendak lan ildo edo gida bat ezartzen du; xehetasunean geratzea akats bat izango litzateke. Azken helburua hobetzea bada egin behar dena da baztertuta dauden talde edo kolektibo horiekin lan egitea. Jomugetan eta adierazleetan zentratu beharrean, gobernu edo eragile bakoitzak egin beharko lukeena da agenda hori berea egitea, modu komunean, aurre egin behar diegun erronka horien eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen. Harremanetarako dinamika berri bat ezarri behar da. Agendaren indargunerik garrantzitsuena honako hau da: mundu osoan eta eragile guztiek uler dezaketen hizkuntza komun bat ematen digu. Funtsean, 2030 Agendak Euskadin egiten den edozein ikerketa soziologikok jaso ditzakeen kezkak islatzen ditu: enplegu prekarioa, genero berdintasuna, osasuna… Ziur naiz 2030. urterako ez direla munduko herrialde guztietan zehaztutako 17 helburuak bere osotasunean beteko. Baina, berriro diot, garrantzitsuena da lan egiteko, erlazionatzeko eta kontzientziatzeko modu berri batean sartu garela. Oraindik nahikoak ez diren arren, gero eta gehiago dira logika berri horren barruan sartu diren eragileak.

Eusko Jaurlaritzak askoz maila edo eskala txikiagoan lan egingo du (dagokion lurralde esparruan, alegia). Horrek ezarritako helburuak lortzeko aukera gehiago ematen al du?

Guk baietz uste dugu. 2030 Agendak berak maila anitzeko gobernantzaren kontzeptua jasotzen du eta, Euskadiren kasuan, Euskadi Basque Country 2030 Agendak, Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea ez ezik, hiru foru aldundiena eta hiriburuetako udalena ere badu. Ibilbide luzea egin dugu esparru horretan, besteak beste, hiritarrekiko gertutasunak abantailak ematen dituelako eta, aldi berean, kudeaketa hobea egiteko aukera ematen duelako. Zenbat eta gertuago egon orduan eta arazoak hobeto ezagutzeko aukera. Eskala handiagoan lan egiten denean, estatistikek zenbait problematika ezkutatzeko edo ikusezin egiteko joera izaten dute.

Une honetan, nagusiki, erakunde publikoetatik sustatzen ari dira GIHak. Nolakoa izan beharko luke, adibidez, hiritarren edota enpresen esku-hartzeak edo inplikazioak?

Euskadiren kasuan zuzena litzateke aitortzea erakunde publikoez gain badirela beste hainbat eragile gai hori lantzen. Are gehiago, atzerrira joaten garenean gure lana azaltzera edo Euskadira etortzen direnean horren berri izateko, gehien balioetsi egiten den elementuetako bat da eragile guztiok, bakoitza bere erritmoan bada ere, aurrera egiteko izan dugun gaitasuna. Adibidez, esparru akademikoan, UPV/EHU aitzindari izan da 2030 Agendaren ezarpenean eta oso aurreratua den adierazle sorta bat eratu du. Enpresa munduan, berriz, hiru patronalekin eta sektore pribatuan Agenda ezartzeko ardura duen Global Compact agentziarekin hitzarmen bat sinatu dugu 4.000 enpresa ertain eta txikiri 2030 Agendarako sarbidea errazteko. Lankidetzaren sektorean ere lan handia egiten ari dira eta oso esperientzia politak garatzen ari dira. Unicefek, adibidez, hedabideekin aliantza bat sortu du eta Unesco Etxea, berriz, Agendak jasotzen dituen 17 helburuetako batekiko konpromisoa hartu duten 17 erakunderekin akordio batera iritsi da. Azkenik, maila instituzionalean Euskadiko zazpi erakunde garrantzitsuenak (Jaurlaritza, aldundiak eta hiriburuetako udalak) 2030 Agendaren prozesuetan murgilduta daude.

Gazteen kasuan, zer dela eta inplikatu beharko lirateke horrela egitasmo batean? Eta horietan lan egin nahi duten gazteek zein bide dituzte parte hartu ahal izateko?

Euskal gazteria 2030 Agendan jasotzen diren hainbat gaiekiko konpromiso maila handia erakutsi duen gazteria da. Burura etortzen zaizkidan gaiak dira, adibidez, klima-aldaketa, genero-berdintasuna, osasuna… Hala ere, egia da gazteengana iristeko kanalak hobetu beharko genituzkeela, batez ere, aipatu gai horiekiko konpromisoa azaldu duten gazte horien guztien parte-hartzea lortzeko eta horien ekarpenak jasotzeko. Oro har, gazteek enpatia gehiago azaldu ohi dute, baina azaldu dudan bezala, gazteengana iristea erronka bat da.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.