Irakurketa denbora: 2 Minutu
Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Gobernuko Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuak elkarlanean egindako azterlan baten arabera, Nafarroako biztanleriaren gehiengoa (% 63) euskara sustatzearen alde edo oso alde dago. Ostera, euskara sustatzearen kontra azaltzen diren nafarrak % 17 baino ez dira.
Ikerketa honen aurkezpena Iruñeko Kondestablearen Jauregian egin da aste honetan bertan. Han izan dira Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkiza, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollo, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari Jabier Arakama eta ikerketa burutu duten Xabier Erize eta Carlos Vilches ikertzaileak.
Ana Ollo lehendakariordeak ikerketaren garrantzia azpimarratu du, hizkuntza politikaren inguruko eztabaida eta plangintzei oinarri zientifiko eta analitikoa ematen dielako. Bere esanetan, azterlan hauek baliagarriak dira Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikak bideratzeko, komunitatearen aniztasuna kontuan hartuz eta euskara balio erantsi gisa ikusiz Europako testuinguruan.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, bestalde, ikerketa honen jatorria azaldu du, 2019-2023 bitartean garatutako “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan” izeneko programaren baitan kokatuz. Urkizak nabarmendu du hizkuntzak ez direla gizartea zatitzeko tresnak, baizik eta identitate guztiak errespetatuz integratzeko elementuak.
Ikerketak euskararen erronka azpimarratzen du: gizarte demokratiko batean onarpen sozialarekin sustatua izatea. Nafarroak testuinguru soziolinguistiko berezia du: euskaldunen ehunekoa beste lurralde batzuetakoa baino txikiagoa da, euskararen erabilera eta ezagutzaren banaketa geografikoa oso desberdina da, eta hizkuntza-politikaren inguruko elkarrizketa-maila txikia da.
Azterlana
Metodologiari dagokionez, 2023an fase kualitatiboa garatu zen, Nafarroako profil soziodemografiko nagusien adierazgarri diren pertsonekin talde-lana eginez. 2024an, berriz, ia mila pertsonari inkestak egin zitzaizkien euskaraz eta gaztelaniaz, fase kuantitatiboa osatuz.
Amaitu berri duten eta ‘ Euskararen sustapena Nafarroan, erresonantzia soziala duten elementu diskurtsiboetatik abiatuta’ izenburua duen ikerketa berezitzat jo dute Xabier Erize eta Carlos Vilchesek, hainbat arrazoirengatik. Izan ere, lehen aldiz egin da Nafarroan, biztanleria osoari galdetuz, ez bakarrik sektore jakin batzuei, eta metodologia mistoa, kualitatiboa eta kuantitatiboa, erabiliz; aplikatutako kontzeptuetan; eta emaitzetan eta analisietan, bereziki landu baita fase kualitatiboaren eta kuantitatiboaren arteko barne-kohesioa.
Ikerketaren aurkezpen-ekitaldian azaldutakoaren arabera, honako hauek lirateke azterlanak utzi dituen ondorio nagusiak:
- Nafarren % 85ek uste du euskara “babestu beharreko aberastasun kulturala” dela.
- % 62k uste du euskara erabilera alderdikoitik aldendu behar dela, hizkuntza kaltetzen duelako.
- % 93 euskararen eta gaztelaniaren eta horien hiztunen arteko errespetua eta tolerantziaren alde dago.
- % 64,8k uste du datozen urteetan Nafarroan euskaraz dakiten pertsonen ehunekoa handitu egingo dela.
- % 64,1ek nahiko luke euskaraz dakitenen kopurua handitzea.
- % 65,4k aitortu du ‘gustatuko litzaiokeela euskara ikasi izana’.
- % 82ri egokia irudituko litzaioke eskola-programetan Nafarroako euskarari buruzko oinarrizko kultura-nozioak sartzea.
- % 63k uste du haurrentzako eta familientzako euskarazko kultura-jarduera gehiago eskaini beharko liratekeela.
- % 84 euskararen sustapenaren alde dago: % 34,4k uste du gutxienez orain bezala babestu behar dela, eta % 49,6k babes hori handitzea nahi du. Aitzitik, % 13k soilik eskatu du sustapen hori murriztea.
Administrazioan euskarak izan beharko lukeen presentziari buruz, iritziak banatuagoak daude: % 73,7 aldekoak dira, bai pertsona guztientzat (% 17,4), lanpostu jakin batzuetarako (% 29,6), edo zonalde jakin batzuetarako (% 26,7). Bestalde, % 26,3k uste du ez litzaiokeela inori euskara eskatu behar Administrazioan lan egiteko.
Ikerketak azpimarratzen du euskararen sustapena mailakotasunarekin eta borondatezkotasunarekin uztartu behar dela, eta gizarte-adostasuna bilatu behar dela hizkuntza-politiketan aurrera egiteko. Emaitza hauek guztiek aplikazio praktikoak izan ditzakete, ez bakarrik euskararentzat, baita eskualdeko edo eremu urriko beste hizkuntza batzuentzat ere.








