Irakurketa denbora: 3 Minutu
“Euskal Emakume Zinemagileak” zikloaren bosgarren eta azken edizioak pasa den mendeko 80ko eta 90eko hamarkadetan jaiotako zuzendari gazteak omenduko ditu. Bost urteko ibilbidearen ondoren, Euskadiko Filmategiaren egitasmo honek hamabi film programatuko ditu apirila eta ekaina bitartean. Modu honetan, euskal 50 emakume zuzendari baino gehiagoren lana aitortu duen zikloari amaiera emango zaio.
Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren V. edizioa
Zikloaren azken edizio honek badu ezaugarri bereizgarri bat. Izan ere, aurreko edizioetan ez bezala, fikziozko lanen kopurua eta dokumentalen kopurua antzekoa izango da. Gainera, zuzendari bakoitzak aukeratu du, bere ibilbidean film luze bat gutxienez izanik, bere filmografiako zein film proiektatuko den.
Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernándezek azaltzen duenez zikloak hiru helburu nagusi izan ditu: euskal emakume zinemagileen talentua Filmategiko pantailetan erakustea, beren lanak aurkeztu eta publikoarekin elkarrizketatzeko aukera ematea, eta jarduera horiek beren historia eta garapen filmografikoari buruzko ikerketa akademikoarekin osatzea.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde lehena eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, zinemagintzaren emakumezko begiradaren garrantzia azpimarratu du: “Emakumeok gizartearen erdia gara eta gure begirada ezinbestekoa eta beharrezkoa da esparru guztietan, baina, batez ere, zinematografikoan”, zinemak gaur egungo gai eta arazoak beste ikuspegi batetik lantzeko aukera ematen duela nabarmenduz.
Programazioa
Zikloaren edizio berri hau hainbat sari jaso dituen Estibaliz Urresolaren ‘20.000 especies de abejas’ filmaren proiekzio hirukoitzarekin hasiko da. Hitzorduak Gasteizko Artium Museoan (apirilak 3), Donostianko Tabakaleran (apirilak 4) eta Bilboko Bizkaia Aretoan (apirilak 5) izango dira.
Eskema bera jarraituko da, astebete beranduago, Ione Atenearen ‘Enero’ filmarekin.
Zikloaren barruan eskainiko den hirugarren filma Andrea Jaurrietaren ‘Nina’ izango da. Kasu honetan, proiekzioak apirilaren 24an, 25ean eta 27an izango dira, Gasteizen, Donostian eta Bilbon, hurrenez hurren.
Apirilaren 30ean, Gasteizen, eta maiatzaren 2an (Donostian) eta 3an (Bilbon), Ainara Veraren ‘Polaris’ filma eskainiko da. Film hau frantsesez eta ingelesez proiektatuko da gaztelaniazko azpitituluekin.
Maiatzaren 8 eta 10 artean, Lara izagirreren ‘Un otoño sin Berlín’ lanaren txanda izango da, betiere, hirien ordena eta egoitzak errepikatuz.
Astebete beranduago (maiatzak 15, 16 eta 17an), Jaione Cambordaren ‘Arima’ filma ikusi ahal izango da. Film hau galegoz eskainiko da, gaztelaniazko azpitituluekin.
Maiatzaren 22 eta 24 artean, Marina Lameiroren ‘Young & Beautiful’ izenburuko lana eskainiko da. Maiatzaren 29tik 31ra bitartean, Ainara Gutiérrez del Pozo eta Olatz González Abrisketaren ‘Pizti bat, agian’ lana eskainiko da, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz.
Ekainean sartuta, 5etik 7ra bitartean, Aitziber Zapirainen ‘Arduraz komunika dezagun’ dokumentalaren txanda izango da, non Euskal Herriko herri hedabideetan egiten den hizkuntzaren erabileraren inguruko gogoeta planteatzen den.
Zikloaren eskema aldatuz, Maider Fernández Iriarteren ‘Las letras de Jordi’ lana ikusi ahal izango da Donostian ekainaren 10ean, Gasteizen 12an eta Bilbon 14an.
Zikloak hartuko duen hurrengo filma María Elorzaren ‘A los libros y a las mujeres canto’ izenburuko lana izango da. Hitzorduak ekainaren 19an Gasteizen, 20an Donostian eta 22an Bilbon izango dira.
Eta zikloari amaiera emateko, ekainaren 26 eta 28 bitartean, Alice Waddingtonen ‘Paradise Hills’ ikusi ahal izango da.
Aukera programa
Aaukera programa zineman lehen pausoak eman nahi dituzten emakume zinemagileentzako mentoretza programa da. (H)emen elkarteak antolatua, ZINEBIrekin lankidetzan eta Zineuskadi, Kutxa Fundazioa, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien babesarekin, programak emakume zinemagileen sei film labur proiektuak garatzen laguntzen du, ekoizpenerako prest egon daitezen.
Programa horren ildora, bi saio berezi antolatu dira Gasteizen (ekainak 17) eta Donostian (ekainak 24). Saio horietan programaren orain arteko emaitzak erakusten ditu, talentu berriak ikusaraziz eta emakume sortzaileen ahotsak ospatuz. Sao horietan ikusi ahal izango diren film laburrak dira:
- ‘Hemen bizi da maitasuna’ (Ainhoa Olaso eta Enara García)
- ‘Prioridades’ (Tamara Lucarini)
- ‘Hadas’ (Beatriz de Silva)
- ‘Komando marmitako’ (Uxue Botas eta Ane Nafarrete)
- ‘Pomo d’oro’ (Nerea Sciarra)
- ‘Azkena’ (Ane Inés Landeta eta Lorea Lyons).









