Photo Araba 200.000 argazkitara iritsi da eta bi erakusketa birtualekin ospatuko du

Atarian ikusgai dauden bi erakusketa horietan Arabako historian garrantzitsuak diren bi une jasotzen dira: Legutioko Gudua eta 1960 hamarkadako zundaketak

Irakurketa: 2 minutu

Arabako Artxiboak eta Arabako Foru Aldundiak kudeatzen duten Photo Araba atariak 200.000 irudi historiko baino gehiago bildu ditu jada. Mugarri hau ospatzeko, herrialdeko une historiko garrantzitsuak jorratzen dituzten bi erakusketa birtual inauguratu dira: “Villarruinas. Gerra Zibila Araban” eta “Hemen petrolioa dago!”.

Villarruinas

Germán Ruiz Llano historialariak sortu duen lehen erakusketa horretan, Legutioko Guduaren ondorioak aztertzen dira. Espainiako Gerra Zibilean, kolpistek Araba menderatzea lortu zuten oso modu azkarrean, iparraldea izan ezik. Ondorioz, Legutiotik Urduñaraino luzatzen zen fronte bat sortu zen, non Bizkaitik etorritako Errepublikaren indar leiale eta matxinatuek topo egin zuten. Bertan borroka krudelak izan ziren, eta, ondorioz, zenbait suntsipen gertatu ziren tokiko ondarean eta azpiegituretan, batez ere Legution. Udalerri hori hain suntsituta geratu zen ezen “Villarruinas” ezizena jarri baitzioten. Erakusketak hamar irudi argitaragabe biltzen ditu, suntsipena dokumentatzen dutenak. Legution ez ezik, inguruko udalerrietan ere bertako eraikin asko hondatuta geratu ziren, batez ere elizak, bi bandoek behatoki edo gotorleku gisa erabili zituztelako, eta horietan guztietan objektu artistiko eta elementu arkitektoniko garrantzitsuak galdu ziren.

Hemen petrolioa dago!

Kepa Baquedano komisario  duen ‘Hemen petrolioa dago! argazki-erakusketak Arabako historiaren pasarte ezezagunago baten berri ematen du. Pasa den mendeko 60ko hamarkadan egin ziren azterlan geologiko batzuen arabera, Araba eremu estrategiko batean zegoen penintsularen barruan hidrokarburo likidoak eta gaseosoak aurkitzeko. 1973ra arte herrialdean 4.900 metro baino gehiago zulatu ziren bost lur-zundaketen bidez. Garai hartan identifikatutako gas-hobietako batzuk ukitu gabe jarraitzen dute gaur egun.

Advertisements