Expodistritok Bilboko auzoetara hurbilduko du artea

Martxoaren 31ra bitartean sei argazki- eta pintura-erakusketa ibiltari ikusi ahal izango dira udal zentroetan

Irakurketa: 2 minutu

Urtarrilaren 7tik martxoaren 31ra bitartean Expodistrito programak bederatzi udal zentro bisitatuko ditu erakusketa ibiltari ezberdinekin. Bilboko Udalak antolatzen duen ziklo honen aurtengo edizioak argazkilaritza eta pinturako sei erakusketa artistiko bilduko ditu. Erakusketa guztiak doakoak izango dira eta goizez zein arratsaldez bisitatu ahal izango dira.

Erakusketak

Pinturari dagokionez, bi dira programatutako erakusketak. Lehenengoa, Mary Carmen eta Pilar González Buenoren “Akuarelarako pasioa” izeneko erakusketa da. Erakusketa hau Otxarkoagan, Santutxun, San Ignazion, Castañosen eta Begoñan ikusi ahal izango da.

Pintura ardatz duen bigarren erakusketak José Manuel Muro Pereg margolari bilbotarraren paisaiak biltzen ditu. Erakusketa hau Castañosen, Errekalden, La Bolsan, Santutxun eta Otxarkoagan izango da ikusgai.

Argazkilaritzari dagokionez, lau dira ikusgai izango diren erakusketak. ‘Sahara. Lurralde okupatuak’ izeneko erakusketan, Equipe Media kolektiboko Luali Lebser-ek nazioarteko komunitatearen aurrean dagoen egoera ilun hau aztertzen du, aire zabaleko munduko kartzela handienean bizitzea nolakoa den erakusteko. Erakusketa hau Begoñan, San Frantziskon, Santutxun eta Abandon izango da ikusgai.

Begoña Elexperen ‘Auzo baten erretratuak’ argazki-erakusketak Bilboko auzo historikoen muinean murgilduko du bisitaria, bertako biztanleen eta saltokien aniztasuna, bizitasuna eta benetakotasuna atzematea baita helburua. Esperientzia bisual horrek kontsumo arduratsu, etiko eta baliodun baten bidez guztion ongizatea sustatzeko dugun erantzukizuna erakutsi nahi du. Erakusketa Abandoko, San Ignazio-Ibarrekolandako, Castañoseko, Otxarkoagako eta Errekaldeko Udaltegietan ikusi ahal izango da.

Oscar Cacho eta Saioa Pradoren ‘Athletic munduan’ argazki-erakusketak talde zuri-gorriak munduan zehar uzten duen aztarna aztertzen du. Erakusketa Otxarkoagan, Errekalden, La Bolsan eta Castañosen ikusi ahal izango da.

Azkenik, Olga Ruiz argazkilari bilbotarrak, 2024ko maiatzean Emakumeen plazan, San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako “Zubirik 2025 Plana” egitasmoaren barruan egin zen “Kulturarteko galerna” jaialdiaren ikus-entzunezko dokumentu bat aurkezten du. Argazki-erakusketa hau Sergio Verde argazkilariaren eta Kamanga sortzaile digitalen taldearen laguntzarekin egin da eta Abandon, San Frantziskon eta San Ignazion ikusi ahal izango da.

Bisitariek erakusketen egutegi zehatza kontsulta dezakete udal zentroetan bertan, kulturabarrutik.eus webgunearen bidez edo 010 telefonora deituz. Ekimen hau kultura-eskaintza deszentralizatzeko eta artista hasiberri zein finkatuen lana hiriko auzo guztietara hurbiltzeko udal estrategiaren parte da.

Advertisements