Irakurketa: 2 minutu
Aurreko urteetako joerarekin bat eginez, 2023an ere Nafarroan bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen kopuruak jo egin zuen. Estatistika Institutu Nazionalak Biztanleriaren Urteko Erroldan emandako azken datuen arabera, Foru Erkidegoan, guztira, 678.333 herritar bizi dira eta horietatik, 128.133 atzerritar jatorrikoak dira, hots biztanleria osoaren % 18,8. Gainera, 2024ko urriko datuak jasotzen dituen Errolda Jarraiaren Estatistikaren arabera, kopuru hori are handiagoa izango litzateke. Horren arabera, Nafarroan bizi diren 682.201 biztanleetatik 133.117 atzerritar jatorrikoak dira (% 19,5).
Jatorriaren arabera, Maroko (20.579 pertsona), Ekuador (15.881), Kolonbia (15.564) eta Peru (7.087) dira Nafarroan migratzaile gehien dituzten herrialdeak. Sailkapen horren bosgarren eta seigarren postuetan Europako ekialdeko bi herrialde azaltzen dira: Errumania (6.397) eta Bulgaria (5.116). Bolivia (4.233), Venezuela (4.092), Dominikar Errepublika (3.958) eta Portugal (3.223) osatzen dute lehen hamar postuak.
Hamaikagarren eta hogeigarren postuen artean, berriz, honako herrialde hauek daude: Brasil (3.150), Argentina (3.068), Aljeria (2.911), Ukraina (2.770), Nikaragua (2.509), Frantzia (2.256), Honduras (1.982), Txina (1.882), Kuba (1.825) eta Moldavia (1.625).
Azken hamabi hilabeteetan hazkunde handiena izan duten herrialdeak, berriz, honako hauek izan dira: Honduras (% 17,21), Peru (15,57), Kolonbia (14,85), Kuba (13,42) eta Venezuela (12,36). Sailkapen horren seigarren postuan Pakistan dago (% 11,88).
Latinoamerikarrak nagusi
Ikus daitekeenez, Nafarroan diren migratzaileen gehiengo zabal bat Latinoamerikako herrialdeetan dute jatorria. Zehazki, Nafarroan dauden atzerritar jatorriko herritarren erdiak baino gehiagok (% 52,89) Latinoamerikan du jatorria eta hazkundea etengabea da. Magrebeko herrialdeetan jatorria duten eta Nafarroan bizi diren herritarrak 23.684 dira, hots, biztanleria migratzailearen % 18,48.
Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetako biztanleak Nafarroan 19.550 dira (% 15,25) eta jarraian Europar Batasunean ez dauden herrialde eslaviarretakoak (Errusia, Bielorrusia, Ukraina eta Moldavia) daude: 5.295 (% 4,13). Saharaz hegoaldeko Afrikatik etorritakoak 5.211 dira (% 4,06) eta Asiatik etorritakoak, berriz, 4.230 (% 3,30).