Irakurketa: 3 minutu
Zortzigarren urtez jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gazteak Auzolanean laguntzak banatu ditu. Laguntza horien xedea da Gipuzkoako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei beren proiektuak gauzatzen laguntzea. Azken deialdian bost izan dira hautatuak izan diren egitasmoak. Horietako bakoitzak 1.500 eta 5.000 euro artean jasoko ditu 2025ean zehar gauzatu ahal izateko.
Aurreko urteetan bezala, hautatuak izan diren egitasmoek, aipatu laguntza ekonomikoaz gain, beharrezko laguntza teknikoa jasoko dute. Laguntza hori Gaztegune+ zerbitzuko lansaioen eta jarraipen-tutoretzen bidez esakiniko da beren ideia proiektu bihurtzeko.
Irabazleak
Gazteak Auzolanean programaren azken deialdian aukeratuak izan diren bost proiektuak ikuspegi eraldatzailea eta sortzailea duten lanak dira eta elkarrizketa, gizarteratzea eta gizarte-aldaketa sustatzen dute. Programak, gazteen parte-hartzeaz gain, gazteen jarrera sortzailea eta ekintzailea bultzatzen ditu, gazteak beren herri eta hirietako eragile aktibo bihurtuz.
Hautatuak izan diren egitasmoak honako hauek dira:
- Barruko dardara: Proiektu hau hil honetan bertan Donostiako Riberas de Loiola auzoan grabatuko den film labur batean datza. Bertan, antsietatea eta agorafobia duen Lucia izeneko 20 urteko gazte baten istorioa azalduko da. Eszena intimo eta bizien bidez, ikusleak Luciak sentitzen duen angustia eta antsietate soziala esperimentatuko ditu.
- Haizeberri: Egitasmo honek aniztasun funtzionala duten 15-25 urte bitarteko gazteen aisialdian den hutsuneari erantzutea du helburu. Izan ere, gazte horientzako hainbat jarduera antolatzen diren arren, hainbat kasutan, gazte horiek ez dute parte hartzeko aukerarik plaza-kopurua mugatua delako edo elkarte antolatzailearen kide ez direlako. Egitasmoa aniztasun funtzionala duten Debagoienako gazteei zuzentzen zaie eta, horren baitan, hilabetero, asteburutan irteerak eta gazteentzako interesgarriak, motibagarriak zein guztientzat egingarriak diren ekintzak egingo dituzte.
- Gazte, emozioen jabe: egitasmo honen xedea da gazteei beren emozioen eta horien kudeaketa lantzearen garrantziaz ohartaraztea da. Egitasmoa Ibarrako 16-18 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie eta bederatzi saio egingo dira, igande arratsaldean herriko Gaztelekuan.
- Maite duten neskak: Maite duten neskak (EMEDEENE) arte garaikidean performencearen eta performatibitatearen bilakaera eta tipologia aztertzen duen arte-erakundea da. Taldea osatzen duten kideen interesetatik abiatuta lan egiten dute eta, horren baitan, kapitalismoaren markoan lan egiten dute, sistema horrek bizi-modu gisa proposatzen dituen baldintza prekarioei eta sistema horretatik sortzen diren diskurtso apolitikoei erreparatuz.
- Saretik esnatu: Gehiegizko estimulu digitalen eta inolako kontrolik gabeko sareekiko etengabeko esposizioaren aurrean, egitasmo honek kezkatuta eta perspektiba askoz naturalago eta irekiago batekin aldatzeko gogoz dauden pertsonen talde bat bildu nahi du. Helburua ingurune digitaletik deskonektatzen eta benetako konexioak sentitzen ikasteko espazio bat sortzea da. Proiektuak “deskonexio digitalerako” tresnak eta baliabideak eskainiko ditu prozesu mailakatu eta progresibo baten bidez. 3 bloke landuko dira eta horietako bakoitza deskonexio digitaleko asteburu batekin amaituko da.
Gazteak Auzolanean
Gazteak Auzolanean programaren lehen edizioa 2017an egin zen. Urte hauetan guztietan, programa honi esker Gipuzkoako 113 gaztek 32 egitasmo garatzeko aukera izan dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria, Lankidetza eta Kirol Departamentuak, guztira, 171.000€ baino gehiago bideratu ditu programa honetara azken zortzi urte hauetan. Kultura Sustapen eta Gazteria zuzendari Isaac Palenciak azaldu duenez, “Gazteak Auzolanean ekimenak urtez urte erakusten du gure gazteen sormena eta parte-hartzea funtsezkoak direla egungo erronka sozialei aurre egiteko. Hautatutako proiektuak gazteek osasun mentala, inklusioa edo deskonexio digitala bezalako gai garrantzitsuekin duten konpromisoaren adibide dira. Gazteria Zuzendaritzatik horrelako ekimenak babesten jarraituko dugu, haien ideiak gure gizartean eragina izango duten errealitate bihurtzeko behar diren tresnak eskainiz eta eskainiz”.