Kulturen aberastasuna erakutsiko du ‘Kulturarteko Galernak’

Maiatzaren 18an Bilboko Udalak eta Koop SF 34 gizarte-erakundeak antolatzen duten jaialdia egingo da Bilboko Emakumeen Plazan

“Zubirik 2025 Plana” plan bereziaren testuinguruan Koop SF 34 gizarte-erakundearekin batera Bilboko Udalak antolatzen duen ‘Kulturarteko Galerna’ jaialdiak familia osoarentzako hogei jarduera baino gehiago programatu ditu. Hitzordua datorren maiatzaren 18an izango da, Emakumeen Plazan, eta musika, kirola, gastronomia eta moda bezalako alorretako jarduerak izango dira. Izan ere, aipatu jaialdiaren xedea da San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetan bizi diren kulturen aberastasuna erakustea.

Izan ere, hiru auzo horiek Bilboko auzorik kosmopolitenetakoak dira. Bertan mundu osotik etorritako hainbat pertsona bizi dira, bereziki hegoaldeko herrialdeetatik etorritakoak. Ijitoen presentzia ere nabarmentzekoa da. Hortaz, jaialdiaren bidez auzo horien irudi ona hedatu nahi da, eta hiriarentzat eta lurralde osoarentzat daukaten kultura-, sormen- eta arte-eskaintza berezi eta askotarikoa ezagutzera eman.

Programazioa

Jaialdiak familia osoarentzako hogei jarduera baino gehiagoz osatutako programazioa aurkeztu du. Kirolari dagokionez, adibidez, adingabeentzako kirol-tailer ezberdinak prestatu dira Athletic Club eta Bilbao Basketekin batera. Horrez gain, capoeira eta taekwondo erakustaldiak ere izango dira. Helduentzat, berriz, kick boxing, boxeo, afrofit boxing, kalistenia eta CrossCyrille erakustaldiak izango dira. 

Musikak ere bere tokia izango du jaialdian, besteak beste, Etorkizuna Musikatan, Betto Snay eta Salah-ren emanaldiekin. Ildo berean, munduko zenbait eskualdeetako dantzak ikusteko aukera ere izango da: Euskadi, Bolivia, Peru… baita flamenkoa eta cumbia ere.

Kulturarteko elkarrizketak’ gunean Esther Saugga, King Nelson, Malick Fall eta Riddick influencerrak izango dira.

Eta nola ez, mundu osoko gastronomiaz ere gozatzeko aukera izango da.

Gainera, argazkilari-talde profesional batek argazkiak egingo ditu. Material hori eta parte-hartzaileen eta bisitarien argazki eta bideoak erakusketa ibiltari batean erakutsiko dira, ExpoDistrito udal-programaren barruan. Erakusketa barrutietako udaltegietan jarriko da, txandaka, datorren urtean zehar.