Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak eta Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak ‘Oroituz’ (MemoriAraba) izeneko ekimena jarri dute martxan. Egitasmo horren xedea da belaunaldi berrien artean memoria historikoari buruzko hausnarketa sustatzea. Abenduaren zehar garatuko den proiektu honek hainbat formatu uztartuko ditu Espainiako Gerra Zibilak Arabako lurraldean izan zuen eragina lantzeko.
‘Oroituz’ (MemoriAraba)
Programaren ardatz nagusia den “VG 1936ko (G)UDA” argazki erakusketa, abendu osoan zehar ikusgai egongo da Aldabe Gizarte Etxean. Ceferino Yanguasek ateratako udal artxiboko sei argazki handiz osatutako erakusketak gatazkaren hasierako egunek Gasteizen izandako inpaktua aztertzen ditu. Horietan emakumeen papera, Elizaren eragina eta gizartearen militarizazioa bezalako alderdiak jorratzen dira.
Abenduaren 11n, Josu Santamarinak ‘Gudu Zelai Ahaztua: 1936ko Arabako Frontearen Aztarna Arkeologikoak’izeneko hitzaldia eskainiko du Aldabe Gizarte Etxean 19:00etatik aurrera. Izenburuak berak dioen bezala, Santamarinak Arabako iparraldeko fronteko aztarna arkeologikoei buruz hitz egingo du, Arabako hiriburutik gertu zegoen frontea izateaz gain, oso fronte aktiboa ere izan baitzen.
Abenduaren 18an, Etxahun Galparsorok gasteiztarrek 1940 eta 1945 artean kontzentrazio-esparru nazietan bizi izan zuten egoera azalduko du ‘Gasteiztarrak nazismoaren kontzentrazio-esparruetan (1940-1945)’ izenburuko hitzaldian. Hitzaldia Aldabe Gizarte Etxean izango da eta 19:00etan hasiko da.
Jarduera horien guztien osagarri gisa, abenduaren 21ean, “VG 1936ko (G)UDA” argazki erakusketa osatzen duten argazkietan azaltzen diren hiriko guneak bisitatuko dira. Bisita gidatuaren ibilbidea ondorengoa izango da: tren geltokia, Dato, Plaza Berria, Mateo Moraza, San Migel Balkoia eta Montehermoso.
Jarduera guztiak doakoak dira lekuak bete arte eta, gazteei bereziki zuzenduak badaude ere, herritar guztientzat irekita daude. Interesdunek informazio gehiago lor dezakete Gazteentzako Informazio Bulegoaren bidez.