Nerabetasunarekin batera, asko dira aknea duten gazteak

Nerabetasunarekin batera hainbat aldaketa hormonal izaten dira gure gorputzean. Aldaketa horien ondorioz, gure bilgor-guruinek ohi baino bilgor gehiago jariatzen dute. Bilgor horrek azaleko poroak narritatzen ditu eta poro horiek bilgorrarekin eta hildako zelulekin betetzen dira, hain ezagunak diren puntu beltzak sortuz. Dermatologian, puntu beltz horiek zaldar edo komedoi izenarekin ezagutzen dira. Zaldar horiek handitzen badira pikortak azaltzen dira. Pikorta horiek tamaina askotakoak izan daitezke eta, sarritan, zornea izango dute barruan.

Nerabetasunean azaldu ohi den arazo dermatologikoa izan arren, zenbait kasutan, heldutasunean ere azal daiteke. Emakumeen kasuan, gainera, posible da hilerokoa jaitsi aurretik ere pikortaren bat azaltzea.

Esan bezala, aknea aldaketa hormonalen ondorioa da. Hala ere, pikorta horien inguruan hainbat mito eraiki dira. Adibidez, hainbat pertsonak uste dute zenbait elikagaik aknea eragin dezaketela (txokolatea, txorizoa, esnekiak…) Printzipioz, eta aipatu elikagai horiek neurriz kontsumitzen badira, ez da halakorik gertatzen.

Era berean, masturbazioaren eta aknearen arteko harremana ere eraiki da. Masturbazioarekin testosterona maila nabarmen hazten bada ere, igoera hori oso denbora laburrean ematen da eta, ondorioz, ez du harreman eragin zuzenik aknearen edo pikorten agerpenarekin. Normalean nerabetasunean masturbatzen hasten garenez, askok aknearen agerpena eta masturbazioa erlazionatu dituzte.

Printzipioz eraginik ez duen arazo dermatologikoa izan arren, komenigarria da dermatologoarengana joatea pikorten eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Tratamendu egoki batekin, pikorten eragin estetikoa txikiagoa izango da eta etorkizunean orbainak edo arrastoak izatea saihestuko dugu.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.