Gasteizko Udalak ia 2,3 milioi euroko aurrekontua izango duen lan-kontratazioa sustatzeko diru-laguntzen deialdi berria atera du. Ekimenak Lanbideren (1,8 milioi) eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Udal Sailaren (410.000 euro) finantzaketa du eta 250 langabe ingururen lan-kontratazioa du helburu.
Programak diruz lagundu daitezkeen bi kontratazio-modalitate aurreikusten ditu. Lehenengoa kontratu mugagabeei zuzenduta dago, bai lanaldi osokoak bai partzialekoak (lanaldiaren % 50 gutxienez). Lehen kasu horretan, kontratuek 2024ko apirilaren 3tik 2025eko apirilaren 30era bitartean egindakoak izan beharko dute. Enpresa onuradunek, gutxienez, 12 hilabetez mantendu beharko dituzte kontratu horiek.
Bigarren modalitatea kultura-sektorerako bereziki diseinatuta dago, ikuskizun publikoetako artista, teknikari eta laguntzaileen kontratazioa diruz laguntzeko. Kasu honetan, kontratuek gutxienez hiru hilabeteko iraupena izan behar dute eta lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke. Bigarren modalitate honetan, kontratuek 2024ko apirilaren 3tik 2025eko otsailaren 28ra bitartean sinatutakoak izan beharko dute.
Itzuli beharrik gabe emango diren laguntza hauek 11.000 eurora arte irits daitezke kontratazio bakoitzeko, betiere, kontratuaren ezaugarrien arabera. Enpresa, autonomo edo erakunde bakoitzak gehienez hiru kontrataziorako dirulaguntza jaso ahal izango du programa honen barruan.