SPRI Taldeko Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Global Training beka-programari esker Euskadiko 500 gaztek nazioartean trebatzeko aukera izango dute ikasturte honetan. 6,45 milioi euroko aurrekontua duen programa honi esker, unibertsitate-titulua edo goi-mailako lanbide-heziketa titulua duten 30 urtetik beherako gazteek nazioartean puntakoak diren enpresa eta erakundeetan lan egiteko aukera izango dute. Horiez gain, gazteek ikerketa zentro aurreratuetan eta nazioartean presentzia duten euskal enpresetan ere trebatzeko aukera dute. Aurtengo edizioan, praktikak lau kontinentetan banatutako 51 herrialdetan garatuko dira.
Global Training beka-programa
Aurtengo edizioan beka lortu duten gazteek, hilean, 1.715 euro gordin jasoko dituzte. Kopuru horri Gizarte Segurantzarako kotizazio-gastuei dagokien beste 80 euro gehituko zaizkio. Horrez gain, onuradunek mediku- eta bidaia-gastuak estaltzen dituen aseguru bat ere izango dute.
Gutxieneko egonaldia sei hilabetekoa den arren, zenbait kasutan urtebeteraino luzatu ahal izango da. Aurreikusitako batez besteko iraupena zortzi hilabetekoa da, erakunde laguntzaileek eskaintzen dituzten luzapenei esker.
Programan sartzeko, hautagaiek B1 edo B2 mailako ingelesa egiaztatu behar izan dute, eskatutako titulazioa izateaz gain.
Beken kudeaketa nazioarteko mugikortasun programetan esperientzia duten zazpi erakunde laguntzaileen artean banatzen da:
- Ikaslan – AFM partzuergoa 80 beka
- Novia Salcedo Fundazioa 80 beka
- UPV/EHU 60 beka
- Garapen – Donostia Sustapena 80 beka
- Eusko Ganberak 75 beka
- Confebask – ADEGI – Txorierri – HETEL 75 beka
- Mondragon Unibertsitatea – Deustuko Unibertsitatea 50 beka
Programak 40 orduko hasierako prestakuntza eskaintzen du bekadunak nazioarteko erronkarako prestatzeko, baita gazteen eta harrera-enpresen etengabeko jarraipena ere egonaldi osoan zehar.
Global Training beka-programa, Euskadiren nazioartekotze-estrategiaren pieza bat da, hiru zutabetan oinarritzen dena: pertsonen prestakuntza eta gaikuntza, euskal enpresen nazioarteko jarduera ekonomikoaren babesa, eta Euskadiren Kanpo Sarea, 92 herrialdetan presente dagoena 22 merkataritza-bulego propiorekin.
2012an abian jarri zenetik, programak 5.088 euskal gazteri aukera die nazioartean trebatzeko.