Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 74,7 euskararen presentzia esparru guztietan sustatzearen alde dago. Euskara esparru guztietan sustatu beharraren inguruan galdetuta, gazteen % 45 ‘oso ados’ agertu dira eta % 15 ‘nahiko ados’. Datuak aurtengo urrian Gazteen Euskal Behatokiak EAEko 2.047 gazteri egindako inkestetatik atera dira.
Gazteen artean euskararen aldeko jarrera nagusi bada ere, azpimarratu behar da gazteen % 19,7 euskara esparru guztietan sustatzearen aurka azaltzen dela (% 13,6 ez oso ados eta % 6,1 batere ados ez). Inkestatuen % 5,6k ez zuen galdera hori erantzun.
Datu heterogeneoak
Datuek alde esanguratsuak erakusten dituzte lurralde eta demografiaren baitan. Adibidez, Gipuzkoako gazteen artean euskararen aldeko jarrera handiagoa da (% 55,1 ‘oso ados’ dago). Babes-maila baxuena Araban jaso da (% 35,1).
Sexuaren baitan, emakume gazteek euskararen aldeko jarrera positiboagoa azaltzen dute. 15-29 urte bitarteko euskal emakume gazteen % 76k euskara esparru guztietan sustatzearen alde (% 48,6 ‘oso ados’ eta % 27,4 ‘nahiko ados’). Adin-tarte bereko gizon gazteen kasuan, ehuneko hori 73,6raino jaisten da (% 42 ‘oso ados’ eta % 31,6 ‘nahiko ados’).
Inkestak jasotako datuen arabera, euskararen presentzia esparru guztietan sustatzearen aldeko jarrera nahiko berdintsua da hiru adin-talde nagusietan: 15-19, 20-24 eta 25-29). Hiru kasuetan gazteen % 75 inguru azaltzen da euskara sustatzearen alde, baina babes handiena gazteenen artean erregistratu da.