Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak abenduko programazioa zientziari eskainiko dio, euskaraz egingo diren eta dibulgazio zientifikoa formatu berritzaileekin uztartzen duten bi topaketa antolatuz.
Lehenbizikoa, “Jakinduriek mundue erreko dau” izenburupean, abenduaren 4an izango da, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako jardueren markoan. Lehen topaketa horretan, ikertzaileek eta bertsolariek parte hartuko dute saio interaktiboan, zientzia eta bertsolaritza uztartuz. Zientzialariek 10 minutuko hitzaldi laburrak eskainiko dituzte kontzeptu zientifikoak azalduz, eta, ondoren, bertsolariek aurkeztutako gaien inguruan bertsoak inprobisatuz erantzungo diete.
Ekitaldia Idoia Torregarai kazetariak eta UEUko (Udako Euskal Unibertsitatea) komunikazio arduradunak aurkeztuko du. Topaketan parte hartuko duten zientzialariak, berriz, Cecilia Fernández, Aloña Aldasoro eta Oier Pedrera izango dira,hirurak ere UPV/EHUko eta elkarlanean ari diren unibertsitateetako hainbat arlotako doktoregaiak dira. Bertsolariei dagokienez, topaketan Iruri Altzerreka eta Julio Soto bertsolariak izango dira zientzialariei ‘laguntzen’.
Bigarren topaketa
Bigarren topaketa abenduaren 18an izango da eta “Teknologia kuantikoak: zer da hori?” izango du izenburua. Javier Aizpurua Ikerbasqueko irakasleak eta Donostia International Physics Center (DIPC) eta Basque Quantum (BasQ) erakundeetako kideak emango du hitzaldia. Bertan, teknologia kuantikoaren oinarriak azalduko ditu Aizpuruak, haren garrantzia eta egungo aplikazioak nabarmenduz.
Bi ekitaldiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira. Jarduera hauek Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren parte dira, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrietako Liburutegiak antolatutakoa, zientzia herritarrengana hurbiltzea helburu duena.
Bidebarrieta Kulturgunea, Bidebarrietako Liburutegiaren baitan kokatua, kulturaren, literaturaren eta zientziaren sustapena du helburu, diziplinarteko elkarrizketa eta ezagutza zabaltzea bultzatuz.