Droneak hainbat eginkizunetarako tresna bihurtu dira, hala nola aire-zaintzarako, janaria edo odol-poltsak garraiatzeko eta, nola ez, gerrarako.
Azken urteetan lan-tresna edo aisialdirako tresna gisa normalizatu dira. Horrela, droneekin lotutako teknologia, adimen artifizialarekin batera, azken urteetan gehien aipatu den teknologietako bat izan da. Baina teknologia-mota horren garapenak erronka handiak sortzen ditu gizartean.
Hitzaldia
Datorren martxoaren 1ean, ‘Bidebarrieta zientifikoa’ zikloaren barruan, Julián Estévezek “Droneak, mendeetako ametsak eta orainaldiko erronkak” izenburua duen hitzaldia eskainiko du. Estévez Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakaslea da, Informatika Ingeniaritzan doktorea eta UPV/EHUko Adimen Konputazionala Taldeko (GIC) ikertzailea da. Horretaz gain, zientzia eta teknologia dibulgatzailea da.
Hitzaldia arratsaldeko zazpietan izango da Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Sarrera librea izango da edukiera bete arte eta streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunean.