Dagoeneko hasi da DiscoverEU 2023-2024 ekimenaren atzera-kontua. Ekimen horren bidez, Europako Batzordeak doako bonuak edo bidaia-txartelak eskaintzen dizkie 18 urteko gazteei Europar Batasuneko herrialdeak ezagut ditzaten.
Hautagaitzak aurkezteko epea datorren martxoaren 15ean hasi eta 29ra arte zabalik izango da. Bertan parte hartu ahal izango dute 2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30era bitartean jaiotako gazteek.
Discover EU 2018. urtean martxan jarri zen egitasmoa da eta jada 200.000 gazte inguruk Europako herrialde ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute.
18 urteko gazteak
Programa honetan parte hartu ahal izateko 18 urte beteak izan behar dira. Programa zabalik da Europar Batasuneko estatu kide bateko nazionalitatea duten gazteentzat. Gazteek erantzun anitzeko bost galderari eta galdera osagarri bati erantzun beharko diete. Erantzunen arabera, Europako Batzordeak nazionalitatearen arabera sailkatuko ditu hautagaiak.
Hautatutako hautagaiak Discovereu-ko bidaia-enbaxadore bihurtuko dira. Beren bidaia-esperientziak sare sozialen bidez kontatu ahal izango dituzte, hala nola Instagram, Facebook edo Twitter, #DiscoverEU traola erabiliz.
Behar bereziak dituzten gazteak (mugikortasun murriztua, ikusteko urritasuna, etab.) dagokien laguntza gehigarria jasotzeko eskubidea izango dute.
Trenez
Bidaia gehienak trenez egingo dira. Hala ere, gazteak ahalik eta leku gehienetara iritsi ahal izateko, doako bidaia-bonuek garraiobide alternatiboak ere eskainiko dituzte, hala nola autobusa edo ferrya. Bidaiek egun bat eta 30 egun bitarteko iraupena izan beharko dute, eta Europar Batasuneko estatu kide batean hasi beharko dute.
Aurreko edizioan, ia 30.000 gaztek bidaia-txartel bat jaso zuten eta bidaia-abenturari ekin zioten bakarka edo lagun talde batekin. Izan ere, DiscoverEUk aukera ematen du bidaia-taldeari lau lagun gehitzeko, baita topaketa bat antolatzeko eta programako beste parte-hartzaile batzuekin bidaia-planak konbinatzeko ere.