Zabalik DiscoverEU egitasmoaren udazkeneko deialdia

Zabalik da DiscoverEU egitasmoaren udazkeneko deialdia. Europako Batzordeak kudeatzen duen egitasmo horri esker, Europar Batasuneko 35.000 gaztek trenez bidaiatzeko bonu bat jasoko dute. Horri esker Europa eta bere aberastasun kulturala ezagutzeko aukera izango dute.

Izena emateko epa zabalik izango da datorren urriaren 25era arte. Deialdia zabalik dago Erasmus+ programan parte hartzen duten herrialdeetako 2004. urtean jaiotako gazteentzat. Eskaerak Europako Gazteriaren Atarian.

Europaren inguruko ezagutza

Parte-hartzaileek Europar Batasunaren eta gazteei bideratutako Europar Batasuneko zenbait egitasmoen inguruko galdetegi bat erantzun beharko dute. Berdinketak desegiteko deialdi horretan izena ematen dutenen artean zenbat jaio diren astearte batean asmatu beharko dute. Erantzun zuzenetik gertuen diren horiek puntu gehiago jasoko dituzte. Bidaietarako bonuak sailkapenaren arabera banatuko dira horiek amaitu arte.

Bidaiak 2023ko martxoaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra bitartean egin ahal izango dira. Behin lehenengo bidaia eginda, hilabete bat izango da bonua erabiltzeko.

Gainera, bonua jasotzen duten horiek garraiobide publikoetan, kultura ekitaldietan, ostatuetan, jatetxeetan… deskontuak lortzeko txartel bat ere jasoko dute.

2018. urteaz geroztik 754.000 gaztek izena eman dute DiscoverEU programan. Inkesta baten arabera, programan parte hartu duten gazteen % 66k onartu du programari esker lehen aldiz berre herrialdetik kanpo trenez bidaiatzeko aukera izan duela. Gazte askoren kasuan, beren gurasorik gabe bidaiatzeko lehen aukera ere izan da.