Arabako emakumeen aztarnak historian

Arabako Foru Aldundiak sustatutako egitasmo batek emakumeek historian izandako papera ezagutzera eman eta kontakizun ofizialetan beren presentzia baldintzatu duten desberdintasunak nabarmendu ditu

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Arabako Foru Aldundiak historian zehar emakumeek herrialdeko hainbat kuadrilletan izandako ibilbidea jasotzen duen ‘Arabako emakumeen aztarnak historian’ izenburuko egitasmoa garatu du. Emakumeen Egunaren harira aurkeztutako egitasmoa argitalpen batean, komiki batean eta ikus-entzunezko hainbat materialetan gauzatu da. Lan horren bidez, emakumeek historian izandako papera ezagutzera eman eta kontakizun ofizialetan beren presentzia baldintzatu duten desberdintasunak nabarmendu nahi izan dira. Ekimena, Arabako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako V. Foru Planaren barruan garatu da.

Arabako emakumeen aztarnak historian

Lan honek Arabako landa eremuko kuadrilletako emakumeek historian zehar egindako ekarpenak berreskuratu eta nabarmendu nahi izan ditu. Beran hainbat emakumeren inguruko testigantzak eta azterlanak biltzen dira.



Gainera, Arabako diputatu nagusiaren eskutik zazpi emakumek jaso dituzte laia bana, LAIA Emakumeen berdintasunerako eta ahalduntzerako Arabako lurralde sareari erreferentzia eginez.

  • Paquita Sáez de Urturi. Paleolitikotik Neolitikorako trantsizioan, Trebiñuko enklabean zeuden emakume ehiztari-biltzaileen ondarea ordezkatuz.
  • Isabel Mellén. Arabako emakumeen memoria historikoa berreskuratzen urteak daramatzan historialari, ikertzaile eta idazleak Alaitzako erditze errituetako emakumeak ordezkatuz jaso du ikurra.
  • Maria Ángeles Teso Fernández. Belaunaldiz belaunaldi Lagran-Bernedoko Done Petri ermitaz arduratzen den Martínez de Lagrán familiako kideak, Arabako Mendialdeko serora, freila eta beaten ordezkari gisa jaso du ikurra.
  • Garbiñe Astondoa Ormaechea. Rosalía Ormaechearen eta María Trojaolaren alaba eta biloba, Aramaioko emakume sendalari eta emaginen leinua ordezkatuz jaso du ikurra.
  • María Pilar Peciña Fernández. Arabako Errioxako Kuadrillan Maistra errepublikanoen ‘aztarna’ ordezkatu du Teófila Villanueva Marcuello maistra errepublikanoaren garai bateko ikasle, bizilagun eta laguna izanagatik.
  • Rafaela Garrido Mas. Laudioko industrializazio prozesuan lan egiten zuten emakume langileen ordezkari gisa jaso du ikurra.
  • Inés Alonso Martínez. ‘Salineras de Santa Ana’ elkarte soziokulturaleko presidenteak  Añanako emakume gatzgileen izenean, Gatz Haraneko emakumeen ahizpatasuna omentzen duen ikurra jaso du.

Lana Errotik erakundeko kide Savina Lafita antropologo sozialak kudeatu du. Sortutako materialak, idatzizko formatuan argitaratzeaz gain, lurraldeko ikastetxeetan zabalduko dira. Memoria historikoa eskuragarriago egiteko, ekimenak komikiak eta ikus-entzunezko materialak ere barne hartzen ditu, bere ulermena eta zabalkundea errazteko.

Advertisements