Arrimu Programak Gipuzkoako 81 gazteri eman die laguntza

Programak, arazoak dituzten gazteak ez ezik, senideak ere inplikatzen ditu errehabilitazio-prozesuan

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Gizakia Helburu elkartearen ‘Arrimu Programa’ funtsezko baliabide bihurtu da Gipuzkoan, substantzia kontsumoa eta buru-nahasmena duten 18-25 urte bitarteko gazteei arreta integrala eskaintzeko. 2022ko abenduan abiatu zenetik, programa Hernaniko eguneko zentroan eta arreta anbulatorioan garatzen da, guztira 81 gazteri arreta eskainiz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak urtean 89.177 euroko finantzazioa ematen dio programari. Programak, gazteak ez ezik, senideak ere inplikatzen ditu errehabilitazio-prozesuan. Orain arte, arazoak dituzten gazteen 60 senidek jaso dute arreta.

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak Hernaniko instalazioak bisitatu dituzte, Izaskun Sasieta Gizakia Helburuko zuzendariarekin batera. Mendozak nabarmendu du Gipuzkoa “lurralde arduratsua” dela eta gazteak “edozein komunitateren geroa” direla, beraz, haien beharrei erantzuteko konpromisoa “erabatekoa” da, bereziki substantziekiko adikzioen eta buru osasunaren arazoei dagokienez.

Arrimu

Artatutako diren gazteen batez besteko adina 22,2 urtekoa da. Artatu diren gazteen artean 71 gizonak dira eta 9 emakumeak. Gazte horiek dituzten arazoak askotarikoak dira, hala nola delinkuentzia, ikasketak eta/edo lana uztea, buru-nahasmenak, arriskuko sexu-jokabideak eta bulkadak kontrolatzeko zailtasunak.



‘Arrimu Programa’ bat dator Gipuzkoako Gizarteratzeko Elkar Ekin II. Planarekin (2022-2026) eta Adikzioen VII. Planarekin, helburu nagusia gazteen errehabilitazioa eta gizarteratzea delarik. Programak ikuspegi humanista du eta talde terapeutikoak “ez abandonatzearen” filosofia du oinarri.

Gizakia Helburu – Izan Fundazioak 40 urteko ibilbidea du adikzioen tratamenduan. Erakundea Donostiako Elizbarrutiaren ekimenez sortu zen, hasieran drogen menpekotasuna zuten pertsonei eta haien familiei arreta emateko, eta denborarekin erreferentziazko erakunde bihurtu da Gipuzkoan. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtean 3 milioi eurotik gora bideratzen ditu fundazioaren programa eta zerbitzuetara.

Advertisements