Gazteen ekintzailetza sustatzea helburu duten SPAM jardunaldiak Bilborock-en

SPAM (Sormen Projects Arts & Music) ekimenak baliabideak, kontaktuak eta agerikotasuna eskainiko dizkie sortzaile gazteei

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Bilbao Gaztek antolatuta, Bilborock-ek Sormen Projects Arts & Music (SPAM) Jardunaldien I. edizioa hartuko du datorren martxoaren 11, 12 eta 26an. Jardunaldi horien xede nagusia Kultura eta Sormen Industrien (KSI) sektorean gazteen ekintzailetza sustatzea da. Industria horren barruan daude arte bisualak (ikus-entzunezkoak, argazkigintza, eskultura, pintura eta ilustrazioa) eta arte eszenikoak (musika, antzerkia, dantza, zirkua, performancea eta errezitaldiak).

SPAM

SPAM ekimenaren helburua da Bilborock sektore horietako pertsona eta talde gazteentzako ekintzailetza-laborategi gisa sendotzea. Jardunaldiek udal-espazio hau KSIetan gazteen ekintzailetzarako aukera-gune gisa kokatzea dute xede. Bertaratzen direnek euskal erakundeek eskaintzen dituzten baliabide eta programei buruzko informazioa jasotzeaz gain, sektoreko beste profesional gazte batzuk ezagutzeko eta lankidetza-sareak ezartzeko aukera ere izango dute.

Programazioa martxoaren 11n hasiko da kultura-sektoreari zuzendutako programa eta baliabideei buruzko hitzaldiekin, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko, Basque District of Culture and Creativity (Eusko Jaurlaritza), KSI GUNE (Konexioak), Bilbao Ekintza eta Musika Bulegoko ordezkarien eskutik. Lehen jardunaldi horretan arrakasta izan duten gazte ekintzaileen kasuak ere aurkeztuko dira, hala nola Nexo Malito, Bilboko gazteen aisialdian presentzia nabarmena duen musika elektronikoko kolektiboa, eta sare sozialetan euskarazko talde eta tokiko artisten lanari agerikotasuna ematen dien Grindin’ kolektiboaren Gutarrak proiektua.



Beren esperientzia partekatuko dute, halaber, Afrika Bibang eta Esther Saugga artistek, berdintasunarekin eta kultura-aniztasunarekin konprometitutako ibilbide luzeko artistek, eta baita Imaginautak diziplina anitzeko kolektiboa ere, kultura-diziplina ezberdinetan artista berrientzako plataforma gisa funtzionatzen duena. Lehen jardunaldi hau networking saio batekin amaituko da, non berrogei gaztek sektoreko behar eta zailtasunei buruz hausnartuko duten.

Programazioa martxoaren 12an jarraituko du Notredumpen aurkezpenarekin, tokiko eszenako proiektu artistiko eta musikalei agerikotasuna emateko gune bat. Bigarren saio horretan, aurreko egunean hasitako sareko lanarekin jarraituko da, eta parte-hartzaileek beren proiektuak partekatzeko aukera izango dute. Bi saioak DJen emankizunekin amaituko dira.

SPAM jardunaldi hauen itxiera gisa, martxoaren 26an, sortzaile gazteen proiektuen erakusketa bat egingo da, zuzeneko musikarekin batera. Proiektu hauei podcast bat grabatuko zaie beren sare sozialetan eta Bilbao Gazteren sareetan ere partekatu ahal izateko, hedapena zabalduz.

Advertisements