Nafarroako bertsolaritza ikertzeko hitzarmena

Euskarabideak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak sinatu duten hitzarmenari esker bertsolaritzak Nafarroan uzten duen ondarea bilduko da

Euskarabideak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako bertsolaritza ikertzeko eta bertsolaritzak uzten duen ondarea biltzeko aukera emango duen hitzarmena itxi dute. Hitzarmenak, nolabait, orain arte Nafarroako Bertsolaritza Elkarteak egin duen lana aintzatesten du. Izan ere, elkarte horrek urteak daramatza bertsolaritzak Nafarroan eragindako ondarea biltzeko eta dokumentatzeko ahaleginean. Hitzarmenari esker jasoko dituen 40.000 eurorekin lan hori egiten jarraitu ahal izango du.

200 bertso-saio

Urtero, 200 bertso-saio inguru ospatzen dira Nafarroan. Nafarroako Bertsolaritza Elkarteak horiek guztiak biltzeko ahalegina egiten du (audio eta bideo grabazioak, argazkiak, kartelak, saioen transkripzioak, datu bilketa…) Aldi berean, saio horietan parte hartzen duten pertsona horien guztien (bertsolariak, epaileak, gai-jartzaileak, antolatzaileak…) biografiak eguneratzen dira urtero. Lan horrek oso datu base interesgarria eman du emaitza gisa. Lan hori garatu ahal izateko, NBEk Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntza du. Zentro horrek bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta sozializatzen du, ikerketa ikuspuntu guztietatik bultzatzeko.

Hitzarmenaren aurkezpen-ekitaldian Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok adierazi duenez, “gogoan hartu behar da Nafarroako Gobernuak, 2018. urtean, Kultur Intereseko Ondasun izendatu zuela bertsolaritza, Nafarroako kantu inprobisatuaren adierazpiderik nabarmenentzat aitortuz eta zaindu eta transmititu beharreko ondare materiagabetzat hartuz. Orain sinatutako hitzarmen honek bultzada berri bat emango dio helburu horri, bertsolaritzak eragiten duen ondarea jasotzeko eta ondare hori biharko belaunaldi zein ikertzaileen esku uzteko.