Ez hain pozik eta kezkatuago

Euskal gazteek konfiantza gutxiagorekin ikusten dute etorkizuna, eta ez daude aurreko urteetan bezain pozik. Ez dira ezkorrak edo asegabeak, baina, noski, ez dute beren etorkizuna duela bi urte bezain argi ikusten. Horrela, hirutik bat urtebeteko epean lanpostua galtzeko beldur da, eta % 14k uste du lan-baldintzak okertuko zaizkiela.

Ez da harritzekoa segurtasun ezaren sentsazio hori; 2020a ohiz kanpoko urtea izan zen, pandemiak eta ondoriozko krisi ekonomikoak herritar gehienei eragin baitiete eta, bereziki, euskal gazteen itxaropenak baldintzatu dituzte. Horiek dira Gazteen Euskal Behatokiak egin duen “Aurrera Begira 2020. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak” txostenak eman dituen ondorio nagusietako batzuk. Aipatu azterketa urtero egiten da 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako inkesten bidez, eta 2013. urtez geroztik konparatutako datuak biltzen ditu, urte horretan hasi baitzen azterketa hori egiten.

Orokorrean, txostenaren balantze globalak erakusten du euskal gazteria nahiko gustura dagoela eta beren prestakuntzarekin bat datorren lana aurkitzeko konfiantza duela. Adin-tarteei dagokienez, 25 eta 29 urte bitarteko gazteak dira, oro har, egoera horren balorazio txarrena egiten dutenak.

“Aurrera Begira 2020. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak” txostenak enpleguaren eta emantzipazioaren egoeran eragin berezia duten 10 adierazleren bilakaera aurkezten du: egungo egoeraren balorazio indizea; norberaren poztasun indizea; bizitzaren alderdien balantzea; lana galtzeko edo baldintzak okertzeko arriskua; lana aurkitzea aurreikustea; prestakuntzari lotutako lana izatea aurreikustea; derrigorrez emigratu beharra aurreikustea; emantzipazioa zapuztuko dela aurreikustea; gazteen gaitasunekiko konfiantza indizea; eta, etorkizunarekiko konfiantza indizea.

Gogobetetasun pertsonala

Gogobetetasun pertsonalaren indizeak lan egoera eta ikasketen, aisialdiaren, adiskideen, familiaren eta osasunaren egoera uztartzen ditu eta, batez beste, 100etik 74 punturekin, oso ongi nota lortzen du.

2020an indize horretan lortutako balioa aurreko urteetako baliorik baxuena da eta, berez, inoiz lortu den baliorik baxuena litzateke. 

Horren arrazoia izan da gogobetetze txikiagoa izan dela lan-egoerarekin eta -itxaropenekin, eskura dagoen diruarekin, baina, batez ere, harreman sentimentalekin eta/edo sexualekin. Izan ere, Covid-19a dela eta izan diren konfinamenduek eragin handia zan dute gazteen arteko harremanetan. Kasu horretan ere, 25 eta 29 urte bitarteko gazteak dira gogobetetasun pertsonal baxuena azaltzen duten gazteak.

Etorkizunarekiko konfiantzaren indizean ere inoiz jaso diren emaitzarik baxuenak jaso ziren iaz. Horrela, datorren bosturtekorako itxaropen pertsonalen, gazteriaren itxaropenen eta Euskadiren itxaropenen inguruan galdetu ostean, 100etik 63 puntuko nota eman dute gazteek.

Egoera pertsonalaz gain gazteria osoaren eta Euskadiko egoera aintzat hartzen duen egungo egoeraren balorazioari dagokionez, 100etik 64 puntu lortu dira eta, beraz, 2019. urtearekin alderatuta, kasu horretan ere jaitsiera eman da. Edozein kasutan, kopuru hori 2013. urtean (lehenengo neurketan) lortutako puntuazioa baino altuagoa da, kasu horretan 60 puntu jaso baitziren. Garai horretan, aurreko urteetan pairatutako krisi ekonomikoaren irteera antzematen hasi zen.

Ikerlanaren arabera, orokorrean, euskal gazteriak gazteriaren gaitasunetan konfiantza azaltzen du eta, horrela, gazteen konfiantza-indizea, kasu horretan, 100etik 67koa da. Azpimarratzekoa da indize hori oso gutxi aldatu dela 2013. eta 2019. urte bitartean eta % 66 inguru mantendu da.

Enpleguaren etorkizuna

Lanari dagokionez, inkestaren arabera, prestakuntzarekin lotutako enplegua aurkitzeko itxaropenak gora egin du apur bat ikasleen artean, % 76raino, hau da, serieko ehunekorik altuena hasieratik eta 2018ko balioa errepikatuz. 

Enpleguaren kasuan, 2019. urtean jasotako datuak baino okerragoak izan arren, 2020ko datuak 2013. urtean jasotakoak baino hobeak dira. Horrela, lana galtzeko arriskuaren edo enpleguaren prekarizazioaren pertzepzioa hazi da: % 24 2019. urtean eta % 48 iaz.

Horretan eragin handia izan dute Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz izan diren aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek, enpresa-itxierek edo jarduera eteteek. Horrela, balore hori 2014. urtean zen balorearen mailan kokatzen da (% 47), baina, oraindik ere, 2013an (% 57) erregistratutako balorea baino hamar puntu baxuagoa da.

Bestalde, langabezian daudenen artean, enplegua aurkitzeko itxaropenak hautsi egin du azken urteetan izan duen goranzko joera; izan ere, langabeen % 64k uste du urtebeteko epean lana aurkituko duela. Kopuru hori 2013. urtean jasotakoa (% 54) baino altuagoa den arren, azken urteetan jasotakoak baino nabarmen baxuagoa da, bereziki, 2019an jasotakoarekin alderatuta; urte horretan, gazteen % 92k urtebeteko epean lan bat aurkitzeko itxaropena zuen.

Lana aurkitzeko aurreikuspenari lotuta halabeharrez atzerrira emigratu beharraren aukera azaltzen da. EAEn bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetatik batek uste du etorkizunean atzerrian lan egin beharko duela, hori nahi ez badu ere. Aurreko urteetako datuekin alderatuta, kopuru hori 2017koa (% 11), 2014koa (% 14) eta 2013koa (% 16) baino baxuagoa da, baina 2018an eta 2019an jasotakoak baino altuagoa (% 8). 

Emantzipazioari dagokionez, gazteen % 41ek uste du datozen hamabi hilabeteetan ezin izango duela gurasoen etxetik alde egin. Bitxia bada ere, egoera ekonomiko iluna eta gazte askoren lan-egoera gorabehera, ehuneko hori serieko zifra txikienetako bat da, eta ia ez da aldatu 2019ko datuekin alderatuta, orduan % 40koa baitzen. 2018an, ehunekoa % 49koa zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.