Indarkeria matxistaren biktimentzako toki seguruak

Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatutako genero-indarkeriari buruzko prestakuntza saio batean puntu moreen garrantzia azpimarratu da

Hogeita hamar bat pertsonak parte hartu dute Nafarroan izan den genero-indarkeriari buruzko prestakuntza espezifiko batean. Saioa Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) eta Gobernuaren Ordezkaritzak berriki itxi duten lankidetza-protokoloaren barruan egin da. Ekimen horren helburua da Gazte Informazio Zerbitzuak ‘Puntu more’ gisa identifikatzea, indarkeria matxistaren biktimentzako toki seguruak sortzeko helburuarekin.

NGIaren zuzendari gerente Txema Burgaletak nabarmendu duenez, puntu more horiek oso garrantzitsuak dira emakumeak entzun eta artatzeko. Burgaletak azpimarratu duenez, oraindik ere sarritan entzun ohi dira gai honen inguruko diskurtso ukatzaileak.

‘Puntu moreak’ Estatuko Berdintasun Ministerioak sustatutako tresna bat da. Horien bidez gizarte osoa indarkeria matxistaren aurkako borrokan inplikatu eta emakumeen aurkako indarkeria kasuetan nola jokatu behar den jakinarazi nahi da. Joan den otsailean, NGIk puntu horiek sartu zituen Gazte Informazioko Zerbitzuen Sareko 29 bulegoetan, gazteen artean genero-indarkeriari buruzko prestakuntza, sentsibilizazioa eta prebentzioa lantzeko.

Prestakuntza-saioan, genero-indarkeriarekin lotutako hainbat alderdi jorratu dira, hala nola polizia-eskumenak Nafarroako eremu geografikoaren arabera, 14 eta 30 urte bitarteko gazteen artean atzemandako kasuak, genero-indarkeria mota desberdinak eta eskura dauden estatuko eta eskualdeko baliabideak.