Zer dela eta erabaki zenuen ‘El Conquistador del fin del mundo’ saioan parte hartzea?
Saioa jarraitu izan ohi dut eta gustukoa nuen. Etxean ikusten nuenean halako frogak egin nahi nituela pentsatzen nuen eta azkenean izena ematea erabaki nuen. Casting-era aurkeztu nintzen, lehenengo casting online delakora bideo bat bidaliaz, eta ondoren, badaezpada, Donostian burutu zen casting-era ere aurkeztu nintzen. Suerte izan nuen eta saioan parte hartzeko hautatu ninduten.
Castingean zu zeu izan zinen ala halako gezurren bat prestatu zenuen ‘erakargarriago’ izateko?
Bai, castingean egia ez ziren zenbait gauza esan nituen. Adibidez, neskak oso gustuko nituela eta ahal izanez gero ukitzera joango nintzela esan nuen. Neskak gustuko ditudala egia da, baina ukitzearena neurriz kanpo zegoen, zuk diozun bezala saioko arduradunen aurrean erakargarriago aurkezteko.
Behin saio barruan zinela, zein nolako helburua jarri zenion zure buruari?
Saioan aurrera egiten nuen ahala helburuak aldatzen joan dira. Hasiera batean, helburua, beste lehiakide guztiena bezala, kanporatzen duten lehen pertsona ez izatea da. Behin hori lortuta, bateratze fasera iristea jarri nuen helburu. Behin hara iritsita, Perito Moreno ikustea izan zen helburu. Gainera, Etxek bere anaiaren hostoak utzi zizkidanez, finalera heltzea bilakatu zen helburu nagusia.
18.000 eurotako saria irabazteko pasa behar izan dituzuen komeria guztia pasatzeak merezi al du?
Bai, merezi du, eta 18.000 eurotako saria irabazita are gehiago. Casting-a egin aurretik esperientzia hau bizitzeagatik ordaindu ere egingo nuela esaten nuen.
Zeintzuk lirateke Patagonian bizi izan dituzun bizipen positibo eta negatiboenak?
Positiboena, zalantzarik gabe, han egin ditudan lagunak eta beraiekin bizi izandako esperientzia. Negatiboena gosea izan da. Egun horietan guztietan pasa izan ditudan momenturik okerrenak gosearekin erlazionatuta daude. Etxe lesionatu zenean ere gaizki pasa nuen, eta Pox bueltatu ez zenean ere bajoi handia izan nuen.
Aurtengo edizioa nahikoa polemikoa izan da eta gizarte sareetan saioa nolabait pertsona batzuk irabazteko bideratuta zegoela ere komentatu izan da. Zein da zure iritzia horren inguruan?
Saioa nahikoa garbia da. Egia da, behin baino gehiagotan pentsatu izan dudala pertsona batzuek, froga zehatz batzuetan, abantaila gehiago izan dituztela, baina oro har, jokoa nahikoa garbia da.
Kortaren taldean izateak saioan izan duzun parte-hartzea baldintzatu al du?
Kortaren gustura izan naiz. Hasieran oso ondo prestatu gintuen. Beste talde batean, eta beste kapitain batekin, ez dakit nola izango nintzen, baina printzipioz, ondo izango nintzela uste dut. Gure taldean oso harreman ona izan dugu, eta beste bi taldeetan, berriz, arazo gehiago izan dituztela ikusi da, bai Arantza edo Jandurekin. Halako aferak ez izateak nolabait lagundu egiten du.
Aurten, saioan zehar, lehiakideen artean oso harreman ona zegoela ikusi ahal izan da. Harreman hori mantentzen jarraitzen al duzue?
Noizean behin elkartu izan gara. Arrazoi batengatik edo bestearengatik baten batek ezin izan du etorri baina harreman ona izaten jarraitzen dugu. Nik, pertsonalki, harreman ona dut lehiakide guztiekin, eta ez dut inolako arazorik lehiakide zehatz batekin.
Aurten egin behar izan dituzun frogetatik, zein izan da, zure ustez, gogorrena?
Nire ustez frogarik gogorrena Kristina eta Helenkarekin hondartzan egin behar izan genuena izan da. Oso polita iruditu zitzaidan Cindyren aurka egin nuen froga, baina Xegone eta Anibalek egin zuten froga ere egitea nahi izango nuke.
Nola bizi izan zenuen finala? Zein momentutan ikusi zenuen zure burua irabazle?
Nire burua ur putzura bota nuenean pioletaren bila jada nahikoa aurreratuta nengoen eta horrek konfiantza handia eman zidan. Sokara katigatu nintzenean, bakarrik Helenka zegoen paretan eta nahikoa lasai nengoen. Tirolina nengoenean ere nahikoa lasai nengoen. Ondoren Lur gerturatu zen eta zertxobait larritu nintzen. Gainera, amaieran nahikoa nekatuta nengoen eta eskuak ere odoletan nituen.
Aconcaguako abenturan parte hartzeko proposamena jasoko bazenu joango al zinateke?
Momentuz ez dut halako proposamenik jaso, baina proposamen hori jasotzekotan zalantzarik gabe joango nintzateke.