Bideo-jokoak matxistak dira

UPV/EHUko Kazetaritza ikasle Isabel Ceballosek egin duen Gradu Amaierako Lanaren (GAL) arabera, gizartean gertatzen den bezala, bideo-jokoetan ere matxismoa da nagusi. Ceballosek World of Warcraft (WoW) bideo-jokoa erabili du bere lana garatzeko.

“Egunetik egunera emakumeen presentzia bideo-jokoen arloan normalagoa bada ere, estigma bat da oraindik, bideo-jokoak gogoko dituen emakumea arrarotzat edo mari-mutiltzat hartzen duen gure gizartearen baitan”, kexatu da Ceballos.

‘Análisis del World of Warcraft desde una perspectiva de género’ izeneko Gradu Amaierako lanean ia zortzi milioi harpidedun dituen World of Warcraft jokoan emakumeek dituzten esperientziak aztertzen dira. Egilearen ustez, funtsean, gizartean aurki daitezkeen portaera-eredu matxistak garatzen dira jokoan ere. “Bideo-joko ezberdinen edukiak aztertuz emakumeek bideo-jokoetan duten presentzia eta matxismoaren eragina ikertu duten ikerketa ezberdinak daude. Nik, ordea, World of Warcrafta bezalako elkarrekintza soziala sustatzen duen ingurugiro batean emakumezko jokalariek bizi duten egoera aztertu nahi nuen. Hau da, bideo-jokora jolasten denbora nahikoa daramaten eta, ondorioz, jokoak proposatzen duen online ingurugiroan pertsona asko -gizonak gehienak- ezagutu dituzten emakumeen esperientzia” azaldu du egileak. Ondorio gisa, Ceballosek azpimarratu du bideo-jokoetan matxismoa dagoela: “gizartean gertatzen den antzera”. Nahiz eta, anonimatuak babestuta, “beren egunerokotasunean egingo zutenaz baino zertxobait haraindi joatera ausartzen diren”.

Egilearen ustez, funtsean, gizartean aurki daitezkeen portaera-eredu matxistak garatzen dira World of Warcraft jokoan ere

Bideo-jokoen emakumezko erabiltzaileek, gainera, “defentsa mekanismoak garatzen dituzte”: beren sexua isilpean mantentzea edo “portaera zakarra izatea beste sexuarekin, gutxiagotasun sentsazio horretatik babesteko”.

Eredu matxistak

Ceballosen arabera, emakumezko jokalariak “erosoago sentitzen dira gizonezkoekin jolasten” zeren, matxismo portaerak badaude ere, “jokalari horri ez ikusiarena egiteko aukera izango dute beti eta, honela, arazoa bukatu egiten da”. Bizitako matxismo portaerak, ondorioz, ez ziren erabakigarriak izan aztertutako jokalarien joko esperientzia hondatzeko. Egokia ez den portaera agertu zuten emakumezkoekiko, ordea, “arbuio sentimendua” garatu zuten. Aztertutako jokalarien hitzetan, desegokientzat jotzen duten portaeretako bat da emakumezko batzuek jokoaren barruan agertzen duten “atentzioa deitzeko irrika”.

“Nahiz eta esperientzia desatseginenak gizonezkoekin bizi, emakumezko jokalariek esperientzia txar horiek txikiagotzeko joera agertzen dute; arruntagoak badira ere, hain kaltegarriak suertatzen ez zaizkielako”, hausnartu du.

Tradizionalki bideo-jokoak mutilentzat garatu izan dira. Hala ere, gero eta gehiago dira bideo-jokoetara jolasten diren emakumeak. Entertainment Software Association elkartearen ikerketa berri baten arabera, Estatu Batuetan bideo-jokoen erabiltzaileen % 48 emakumeak dira.