© Iñaki Porto

Europako Kontseiluak Estatuan Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak duen betetze-mailaren inguruko txostena argitaratu berri du. Bertan, gobernu zentralari Botere Judizialaren Legea alda dezala eskatzen dio, alderdiek eskatuta, prozedura judizialetan euskararen erabilera bermatu ahal izateko. Gainera, eta Nafarroari dagokionez, txostenaren arabera, aurrerapauso bat eman da euskararen erabilera orokorrean eta baita zerbitzu publikoetan den erabileran.

Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok Europako Kontseiluaren txostenaren balorazioa egin du. Kontseilariaren ustez, “Europak aurreko gobernuak garatu zuen hizkuntza politikari abala eman dio”. Ollok gogorarazi duenez, txostenak ontzat ematen du Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 2017. urteko Foru Dekretuaren onarpena, orain, neurri batean Justiziak baliogabetu duena. Txostenean, besteak beste, Nafarroako Gobernuak, azken urteetan, plangintza estrategikoaren arloan (Euskararen I. Plan Estrategikoa) edo elebitasun instituzionalaren ezarpenean (herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzen dituena) egindako ahalegina aitortzen da. 

Bestalde, Ollok Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian, Nafarroako gobernuak euskal hedabideei emandako dirulanguntzen “doitasuna eta legalitatea” defendatu du. Izan ere, Euskararen Legean jasotzen denez, botere publikoek euskara hedabideetan agertzea sustatu behar dute. Neurri hori Hizkuntza Eskubideen Europako Gutunan jasotzen da eta, horretarako, laguntzen deialdia aurreikusten da, adibidez, Galizian edo Valentziako Erkidegoan egiten den bezala.

Olloren hitzetan, “gobernu honen eta aurrekoaren hizkuntza-politikaren arduradun gisa, txostenaren emaitzekin pozik gaudela adierazi nahi dugu. Soilik gizartea zatitzea nahi duten mezu interesatuen aurrean, horretarako euskara erabiltzen dutelarik, Nafarroako Gobernuak egindako ahalegina aitortu du Europak; pasa den legegintzaldian hasi ginen lanean eta oraingoan ere jarraituko dugu, Gobernu-akordioan jasotako moduan”.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.