Emakumeentzako doako informatika ikastaroak Iruñean

Eskaintzen diren 132 plazak zozketa bidez esleituko dira izena eman duten pertsona guztien artean, baina Iruñean erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dute.

Iruñeko Udalaren Ematic zentroak emakumeentzako teknologia berrien inguruko aurrez aurreko hamaika ikastaro antolatu ditu urteko lehen hiruhileko honetarako. Guztira 132 plaza eskainiko dira. Izena emateko epea gaur bertan zabalduko da eta datorren urtarrilaren 16ra arte izango da zabalik. Izena eman nahi duten horiek Herritarren Harremanetarako telefonora deitu beharko dute (010 edo 948 420 100). Plazak zozketa bidez esleituko dira izena eman duten pertsona guztien artean, baina Iruñean erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dute.

Ikastaroak bi multzotan banatu dira. Lehen multzoan edozein adinetako emakumeek parte hartu ahal izango dute; bigarrenean, berriz, bakarrik 60 urtetik gorakoek.

Ikastaroak

Lehen multzoaren barruan gai ezberdinak jorratzen dituzten zazpi ikastaro eskainiko dira: Word dokumentuak sortu, administrazio publikoekin eta organismoekin jarduteko gako iraunkorra lortzeko eta erabiltzeko jarraibideak edo produktuak Internet bidez modu seguruan bilatzeko eta erosteko aholkuak. Multzo berean ordenagailuan artxiboak eta dokumentuak sailkatzeko eta antolatzeko eta telefono adimenduei ahalik eta etekin gehien ateratzeko ikastaroak ere eskainiko dira.

Ikastaroekin batera, zenbait aplikazio edo programa informatikoen inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzeko tutoretzak antolatu dira. Adibidez, ahaztutako pasahitzak berreskuratzeko, PDF dokumentuekin lan egiteko edo Spotify edo Wikiloc bezalako aplikazioen inguruko tutoretzak eskainiko dira. Zentroak aukera ematen du ordenagailuak libre erabiltzeko, profesionalen laguntzarekin, zalantzak argitzeko eta sortzen diren zailtasunei erantzuteko, astelehenetik ostiralera (10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era) eta larunbatetan goizez, 10:00etatik 13:00etara.