Duela hamar urte inguru, Bilboko Ibar Ezkerra Lanbide Ikastolak kalitatezko Lanbide Heziketa euskaldunaren alde apostua egin zuen. Ildo horri eutsita, euskarazko software libre tresnak DVD batean bildu dituzte berriki. Aipatu DVDan, aplikazioen inguruko informazioa, instalatzeko botoiak eta azalpenak aurki daitezke. Horrez gain, bideoak, azalpenak eta jokuak ere badaude.
Ibar Ezkerra Lanbide Ikastolako irakasleen xedea euskarazko software libre tresnak ikastoletako zein ikastetxeetako ikasleen artean ezagutaraztea eta erabiltzera gonbidatzea/animatzea da. Horretarako, Bizkaiko ikastola zein ikastetxeetan DBH 4. mailako zein Batxilergoko 1. mailako ikasleei “Software librea euskaraz 2.0” inguruko txarla bat eskaintzen dute. Mintzaldia amaitzean, ikasleek jarduera txiki bat burutzen dute. Jardueran parte hartzen duen ikasle orok “tablet” baten zozketan parte hartzeaz gain, euskarazko software librea biltzen duen DVD bana doan jasoko du.
DVDa
Bilboko Ibar Ezkerra Lanbide Ikastolako irakasleek prestatu duten DVD honetan, besteak beste bulegotika lantzeko, pelikulak ikusteko, musika entzuteko, mekanografia lantzeko, posta kudeatzeko, lagunekin txateatzeko edota interneten nabigatzeko egunero erabili ahal izan dugu softwarea biltzen da. Era berean, DVDan ere software pribatiboaren euskarazko bitartekariak (esaterako, Windows sistema eragileak euskaratzeko bitartekariak) zein software librea gazteleraz (esaterako, antibirusak) aurki daitezke.Ibar Ezkerra Ikastolatik azpimarratzen duten bezala, DVDan biltzen den material hori guztia Interneten aurki daiteke modu isolatuan; beraz, bere lana hori guztia euskarri bakar batean biltzea izan da.
Honako estekan, DVDaren iso irudia aurki daiteke hala nahi duenak euskarazko software librea eskura dezan:
https://mega.co.nz/#!0sUgWD4I!MqI2Rg0QmW5m9AXf0XgK9lC98JNIXl0kMkuclbUPTrk