Gero eta euskal gazte gehiago atzerrira joaten da etorkizun profesional hobe baten bila. Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, 2012. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoa utzi zuten 18 eta 29 urte bitarteko gazteen kopurua 10.663koa izan zen (horien artean % 98,8k atzerriko naziotasuna zeukaten eta % 1,2k bakarrik zuten Espainiako naziotasuna). Bi urte lehenago, berriz, 6.084. Azken hamabi urteetan, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen emigrazioak gora egin du, modu apalean baina erritmo konstantean. Emigrazio hau batez ere Araban izan da nabarmena, 2011. urtean, kualitatiboki, gazte gehien galdu dituen herrialdea baita. Txanponaren beste aldean Nafarroa aurkituko litzateke, bertan emigraturiko gazteen kopurua, 2012tik 2011ra jaitsi baita. Foru Erkidegoan, 2011ko datuen arabera, atzerrira alde egin zuten gazteen kopurua 1.535ekoa izan zen, aurreko urtean baino % 12,1 gutxiago.
Ipar Euskal Herriaren kasua, berriz, UPV/EHUko Soziologia irakasle Eguzki Urteagaren esanetan, guztiz desberdina litzateke. Hego Euskal Herrian ez bezala, Ipar Euskal Herrian den gazteen emigrazioa krisiaren ondorioa baino bertan diren gabezia estrukturalen ondorioa litzateke Urteagaren aburuz, hala nola, unibertsitate ikasketak burutzeko Unibertsitate propio baten falta.
Fenomeno honek duen garrantzia azaltzeko, adibide xume bat: gananzia euskal web guneak emigratzen duen euskal gazteria izendatu du 2013ko Euskadiko pertsonaiarik garrantzitsuena.
Arrazoiak
Euskaditik alde egiteko arrazoiak desberdinak izan daitezke (hizkuntzak ikasi, esperientzia profesional berria izan, bizipen pertsonal ezberdin bat bilatu) baina, horien guztien artean, lan duin bat aurkitzeko zailtasuna nagusitzen da. Inoiz izan den belaunaldirik trebatuena da, baina lan merkaturatzea ere inoiz baino zailagoa da. Gainera, egun eskaintzen diren soldatak % 14 eta % 17 artean jaitsi dira. Bestalde, lanean diren gazteen artean, urtebeteko iraupena baino gutxiago duen behin-behineko kontratuekin ari da lanean gazteriaren gehiengoa.
Testuinguru horretan, eta gure artean lanpostu duin bat lortzeko gazteriak dituen arazoen aurrean, atzerrira joatera animatzen duten mezuak gero eta ugariagoak dira. Egoera horren aurrean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) migrazio mugimendu horren alde ilunak azpimarratu nahi izan ditu. Izan ere, aurkeztu berri duten ‘SOS gazte: gazteen lan emigrazioa’ txostenean azpimarratzen duten moduan, “atzerrira lan bila joatea prekarietateari aurre egiteko konponbide aproposa denaren ideia orokortzen ari da eta gazteen emigrazio honek badu zailtasunak eta eskubideen galerak eragiten dituen alde ilun bat”.
Ondorioak
EGKko presidente Itxaso Anduezak salatu duenez, “edozein gaztek atzerrira joateko eskubide osoa du, azken finean, erabaki pertsonal guztiz onargarria baita. Ez da hain onargarria, berriz, migrazio mugimendu horiek bultzatzea gure artean gazteen eskubideak bermatzeko gai ez garenaren aitzakia erabiliaz”. Anduezak salatzen duenez, “atzerrira joatea oso esperientzia positiboa izan daiteke edozein gazterentzat, baina, sarritan, gure gizartean ikusezinak diren arazoak eta ondorio negatiboak ere sor ditzake”.
Anduezaren ustez, migrazio honek ez du euskal gazteen lan prekarietateari erantzun egokia ematen, azken finean, atzerrian lortu ohi izaten diren lanpostuak ere prekarioak izaten direlako. Anduezak berak adierazi duenez, atzerrian lortzen diren lanpostu gehienak ezegonkorrak eta gaizki ordainduak izaten dira. Ez gaitezen engainatu; atzerrira joaten diren gazte askok bere ikasketekin zerikusia ez duten lanbideetan aritu behar dira maiz: au-Pair, ostalaritza… Egon badira berean lan egitea lortzen dutenak eta horrela bere kurrikulua hobetzea lortzen dutenak, baina ez dira gehiengoa.
Atzerrira joateak, gainera, ondorio negatiboak izan ditzake gazteek erroldan zuten aintzinatasuna galtzen dutelako eta horrekin batera, baita zenbait eskubide ere: dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera, babes ofizialeko etxeetara sarbidea, pentsiorako kotizazioa edota udal hauteskundeetan bozkatzeko aukera.
Eskubide urraketa nabariena, apika, pasa den urtearen amaieran Alderdi Popularrak aurtengo Estatuko Aurrekontu Orokorretarako egindako emendakina dugu. Gabonak garaian, PPren ekimenez, langabezia-sorospen eta langabezia-prestaziorako eskubiderik ez duten langabezian diren pertsonak Osasun Publikorako eskubidea galduko dute baldin eta estatutik at hiru hilabete baino gehiago ematen badute. Ondorioz, lan aukera baten bila joaten diren gazteak (eta baita pertsona helduek ere) osasun pribatuko zerbitzuak kontratatu beharko dituzte bueltatzen direnean. Egoera hau zuzentzeko, hiru hilabete baino gehiagoz atzerrian izan direnak lan kontratu berria lortu beharko dute Estatuan. Bitartean, ez-egoiliartzat hartuak izango dira eta ez dute ospitale publikoetan hartuak izateko eskubiderik izango.
Gazte lan emigrazioaz hitz egitean, eta aurreko datuak ikusita, ‘burmuin ihesa’ delakoan pentsatzea ezinbestekoa da.
EGK-ak gainera migrazio mugimendu hauen izaera pertsonalean inziditzen du. Izan ere, atzerriratzea ez da inoiz gauza erraza eta atzean lotura eta harreman pertsonal sendoak utzi behar dira (familia, lagunak…)
Nora joan?
Infojobsek eta Esadek iaz egindako azterlan baten arabera, estatuko gazteriaren bi heren atzerrian lan bila dabil (kanpo mugikortasuna Bañez ministroaren esanetan). Helburu nagusienak Erresuma Batua, Alemania eta Irlanda dira, baina, gero eta gehiago, Europatik kanpoko helburuak ere azaltzen ari dira: Kanada, Estatu Batuak, Latinoamerika…
Azken hau osatzen duten herrialdeetara bidaiatu nahi duten euskal gazteei informazioa eskaintzeko, adibidez, ‘Kooperaktiboa’ izeneko erakundea sortu zen iaz gure artean. Hego-Amerika gero eta helburu puntu interesgarriagoa bilakatzen ari da, bai lanerako zein ikasketetarako. Brasil, Txile edo Mexiko bezalako herrialdeak, aurten bertan, % 4 inguruko hazkunde ekonomikoa izango dutela aurreikusten da. Erakunde horrek bi esparru nagusitan oinarritzen du bere jarduera. Alde batetik, Latinoamerikan gara daitezkeen lankidetza ekimenak garatu nahi dira. Bestalde, ozeanoa gurutzatu duten, nahi duten edo bertatik bueltatu diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteei, aholkularitza zerbitzua eskaintzen diete.
Bueltarik gabeko bidaia?
Instituto Elcanok Europako beste ikerketa zentroekin batera berriki egindako ikerlan baten arabera, atzerrira joaten diren espainiar gazte gehienak oso hezkuntza maila altua dute; askok masterrak dituzte eta ia gehienek unibertsitate mailako ikasketak (% 90). Aipatu ikerlanaren arabera, (1.182 gazteei egindako galdeketan oinarrituta), atzerrira joaten diren gazte gehienentzat bueltarik gabeko bidaia izan daiteke. Izan ere, aztertutako kasu gehienetan atzerrira joan diren gazteek bertan jarraitzen dute bost urte pasa ondoren.
Azterlan horren arabera, gazte gehienak atzerrira joaten dira lan eskaintza bat jaso ondoren. Emigratzea erabaki duten kasuen heren batean, gazteak jada lanean ziren, baina soldata baxuak zirela eta, atzerrira joatea erabaki zuten. Europan, oso kontuan hartzen omen da bertan jasotzen dugun trebakuntza eta baita lanerako motibazioa eta jarrera. Gehien baloratzen diren ikasketen artean ingeniaritza nagusitzen da eta ekonomia eta enpresa zuzendaritza arloko ikasketak ere oso kontutan hartzen dira. Gazte lan emigrazioaz hitz egitean, eta aurreko datuak ikusita, ‘burmuin ihesa’ delakoan pentsatzea ezinbestekoa da.
Burmuin ihesa
Garapen sozio-ekonomikoaren Behatokia den Gaindegiaren ustetan, ‘burmuin ihes’ hau euskal gazteriaren trebakuntza maila altuaren ondorioa da, egun merkatuak eskatzen duena baino askoz ere altuagoa. Gaindegiako Imanol Esnaolak azpimarratzen dutenez, “Euskadiko populazio aktiboa ekonomia aurreratu baterako trebatuta dago, baina zenbait produkzio sektoreko esparruetatik ez da inbertsio eta produktu eta merkatu berrien aldeko aposturik egiten. Gainera, enpresa ertain eta txikiek ez dute I+Gn egin den inbertsio publikotik behar bezalako etekinik atera. Berrikuntza gehien behar duten enpresa sektoreak ixten ari dira eta ohiko sektoreetan inziditzen ari gara. Funtsezkoa da kalitate handiko enpleguaren aldeko apostua egitea garapen sozial eta ekonomikoa mantendu ahal izateko”.