1911ko abenduaren 14an, Roald Amundsen norbegiarraren espedizioa Hego Polora iritsi zen. 35 egun beranduago, Robert Falcon Scott britainiarraren espedizioa puntu berberera iritsi zen. Amundsenen eta Scotten arteko lehia historiak eman duen lehiarik ezagunenetarikoa da, apika, Scotten espedizioak izan zuen amaiera tamalgarriagatik. Antartika istorio handiak eman dituen kontinentea da. Amundsenena eta Scottena alde batera utzita, seguruenik, izan zuen amaierarengatik ere, Ernest Shackleton protagonista izan zuen bidaia dugu istoriorik handiena.
Bidaia honen hasiera, jada, berezia izan zen. Izan ere, Londreseko portua utzi zuen egun berean, Erresuma Batua I. Mundu Gerran sartu zen, hots, 1914ko abuztuaren 1ean. Espedizioa Weddell Itsasoan den Vashel Badiarantz abiatu zen. Hortik, Hego Polora abiatu eta kontinentearen beste puntan den Ross Uhartea izan behar zuten jomuga. Hala ere, espedizioa ia hasieran bertan behera utzi behar izan zuten, Vashel Badiara iritsi baino lehen Endurance ontzia izotzean harrapatuta geratu baitzen. Izotzaren presioaren eraginez ontzia txikituta geratu zen eta hor hasi zen britainiarren odisea.
Ontziaren babesarik gabe, izoztuta zegoen Weddell Itsasoa zeharkatu behar izan zuten lerak erabilita. Ondoren, txalupetan Hegoaldeko Shetland uhartetara iritsi ziren. Han, txalupa handiago bat eraikitzea lortu zuten, 7 metro ingurukoa. Horrelako txalupa txiki batekin, Shackleton bera eta beste lau lagun Hego Atlantikotik abiatu ziren. Horien helburua, Hego Georgia uhartera iristea zen, han laguntza lortuko zutelakoan. Bidaia hau, egin zen garaian (udazkenaren amaiera hego hemisferioan) eta Drake Pasabidea igaro behar izan zutela kontutan izanik, oso arriskutsua izan zen eta ez du parekorik izan nabigazioaren historian. Orientatzeko, sestante txiki batetaz baliatu ziren soilik.
Azkenean, nola edo hala, Hego Georgiara iritsi ziren. Han, bertan den mendilerroa 36 ordutan igaro eta Grytviken herrira iristea lortu zuten. 22 hilabete eta hiru saiakera ondoren, lortutako laguntzari esker, Shetland uharteetan geratu ziren beste 22 lagunak erreskatatzea lortu zuten. Ez zen hildakorik izan.